Deabruaren izenean Bilbopolis berria menderatzeko dator XV. Caostica Jaialdia

uriola.eus 2017ko eka. 12a, 10:49

Unibertso eta dimentsio paralelo orotatik 2661 lan aurkeztu dira aurten, haietatik 45 aukeratu dituzte ekainaren 12etik 19ra bitartean proiektatuko direnak. Lanok uriko hainbat lekutan aurkeztuko dira eta Artxandak Street Art Txanda eta Vortex To Hell Party jaiak hartuko ditu edizio honetan.

Infernuko erraietatik datorkigu 15. Nazioarteko Bideoklip eta Laburmetraien Caostica jaialdia Bilbopolis Berria Deabruaren izenean menderatzeko asmoz ekainaren 12etik 19ra. Unibertso eta dimentsio paralelo orotatik 2661 bideo-salmo aurkeztu dira aurten, haietatik 45 aukeratu dituzte "jarraitzaile sutsuen ipurmasailak jipoitzeko." Sarrera doakoa izango da eta hainbat herrialdetatik bidalitako lanak aurkeztuko dira. Proiekzioak uriko hainbat lekutan egingo dira: Bilborocken, EHUko bibliotekan, Yimby Ercillan, Euskal Museoan eta Artxandako patinaje pistan, hain justu. Gaur Bilborock antzokian hasiera emango dio jaialdiak edizio berriari arratsaldeko 20:00etan egingo duen Mexikoko Macabro festibalaren laburmetraien aurkezpenarekin. Asteartetik ostegunera sekzio ofizialeko lanak proiektatuko dira EHUko bibliotekako Bizkaia Aretoan, Yimby Ercillan eta Zazpikaleetako Euskal museoan. Ostiralean, ekainaren 16an, Street Art Txanda jaia hartuko du Artxandako patinaje pistan. Atal ofizialeko azken lanak proiektatuko dira beste lan batzuen artean. Larunbatean, Vortex To Hell Party jaia ospatuko da Artxandan, amaiera ekitaldia eta azkenengo edizioaren sari banaketarekin batera. Festibalari amaiera emateko, astelehenean, ekainaren 19an, irabazleen lanak proiektatuko dira Bilboko erribera merkatuaren ondoan.

 

Epaimahaia

Epaimahaikide izendatutako apaizburuak honako hauek izango dira: Nahikari Ipiña, Axel Casas eta Ivan Miñambres. Nahikari Ipiña ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua, Arsenico Producciones (2005) eta Sayaka Producciones ekoiztetxetako sortzailea da. Nazioarte mailako laburmetraien ekoizpen lanetan ibili da, hala nola, Nacho Vigalondoren Oscar sarietara izendatutako 7:35 de la mañana, Snuff 2000 (Borja Crespo), El tren de la bruja (Koldo Serra), Nuestra amiga la luna (Velasco Broca) eta abar ekoitzi ditu.

Ivan Miñambres 2009an UniKo ekoiztetxea sortu zuen Bilbon. Geroztik, Alberto Vazquez-en karrerara oso lotuta egon da, bere laburmetrai guztiak ekoiztuz: Birdboy (Pedro Rivero ko-zuzendaria), Decorado eta Sangre de Unicornio. Hala, 100 sari internazional baino gehiago eta 2 Goya sari irabazi ditu aipatutako lehen bi lanengatik. Gaur egun, Unicorn Wars animaziozko luzemetrai berria ekoizten ari da. Proiektu hori, Burdeoseko aurreko Cartoon Movie edizioan aurkeztutako nazioarteko hiru proiektuetako bat da.

Axel Casas aktore, gidoile, ekoizle eta editorea da. Hainbat sketch, websail eta pieza labur burutu ditu, milaka pertsonai eta bilbei argia emanez. 2006an irekitako Youtube kontuak 200 bideo eta ia 30.000 jarraitzaile ditu. Gidoilari moduan lan egin du telebistan eta Vaya Semanita edo Que vida más triste programetan kolaboratzailea izan da. Gaur egun, Paranormales lanaren pre-produkzioan aurkitzen da, zuzentzen duen lehenengo luzemetraia izanik.