2001. urtean lehenengo bloga sortu zenetik gaur arte aldaketa nabarmenak eman dira euskal blogosferan: proposamen pertsonalak eta kolaboratiboak sortu dira, blogariek plataformak erabiltzen hasi dira, hedabideak besteen artetik nabarmendu dira, puntu eus domeinua sortu da, blogariek tratatzen dituzten gaiak gero eta anitzagoak dira,… Hala ere eraldaketa honek oraindik badu garapenerako espazioa. Blogintzak oraindik badu euskaldunoi zer eskaini, besteak beste, gai berriak jorratzeari eustea eta formatu berriekin probatzea.
Euskarazko Blogen komunitatea txikia dela aitortzen dugu bai eta blogariek beraien proposamentzako toki ikusgarria lortzeko zuhur lan egin behar dutela. Bi osagai nahasten dira ekuazio honetan: pertsonak eta teknologia.
Blogintza idazketa ariketa den heinean funtsezkoa da edukia kalitatezkoa izatea, funtzionala, freskoa, maiz eguneratzen dena, balio erantziduna, e.a. Ildo beretik sortzailearen marka propioaren garrantzia ere ezin dugu ahaztu; egilearen nortasunak bere bloga besteen blogen artean nabarmentzeko balio duelako.
Kalitatezko produktu horri teknologiak lagun diezaioke interneteko oihanean leku ikusgarrian kokatzen. Jendeari interesa lekizkiekeen edukiak badaudela erakutsi behar zaie.
Parte batetik blogariak berak trebatuz lortuko da. Beldurra kendu, dudak argitu, ezagutza teknikoan sakondu, komunikazio estrategia landu,… hau da, blogariak ahaldundu. Dagoeneko badaukaguna zaindu eta hobetzeko bidea jorratu behar da.
Bestetik, gizartea bera trebatuz. Horretan berebiziko garrantzia du euskarazko nabigazioa bultzatzea. Gure lehenengo hizkuntza zein den interneteko jardueran nabigazio-hizkuntzaren bidez adierazten dugu eta, honen arabera, edukia hizkuntza batean edo bestean erakutsiko zaigu. Euskarazko blogetan dagoena jasotzea lehenetsi nahi izanez gero, geroz eta jende gehiagok izan beharko luke bere nabigazioa euskaraz konfiguratuta.
Azkue Fundazioaren konpromisoa horretan lanean jardutea da:
· Erabiltzaileak eta sortzaileak ahalduntzeko trebakuntza ekintzak bideratzen ditugu, urrian, adibidez, teknologia laborategiak antolatuko ditugu.
· Euskal erabiltzaileen artean nabigazioa euskaraz bultzatzeko sentsibilizazio lanean jarraitzen dugu.
· Blogari komunitatea babesteko eta hazi dadin euskarazko blogarien ataria sortuko dugu: www.blogetan.eus Hau, komunitatea sendotzeko tresna bilakatuko dugu.
Iurdana Acasuso
Azkue Fundazioko zuzendaria