Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Jose Antonio Rodriguez Ranzek, Hermes pentsamendu eta historiako aldizkariaren zuzendariak, Euskaltzaindiako egoitzan aurkeztu dute gaur Eguna egunkariari buruzko Hermes aldizkariaren zenbaki berezia. Iragarri dutenez, bihar, ekainak 13, argitartuko du aldizkariak Eguna euskara hutsean idatzitako lehen egunkariari buruzko ale berezia horren sorreraren 80. urteurrenaren omenez. Gai bakarra jorratuko du eta Egunaren azken zenbakia argitaratu zen egun berean ikusiko du argia. Egunkariaren sorrera gogoratzeko ekitaldiak otsailean hasi ziren, Bilboko Posta kalean oroigarria jarri zenean egunkaria sortu zeneko atarian. Otsailean, Euskal Prentsaren Hastapena, Oraina eta Geroa jardunaldia egin zen aldizkari euskaldunaren ibilbidea, eta gaurdaino euskarazko prentsan izan duen eragina aztertzeko. Jardunaldian egindako mahai inguruari buruzko Urtzi Urrutikoetxearen kronika ere jaso da. Hauek izan ziren partaideak: Idurre Eskisabel, kazetaria eta EHUko irakaslea; Jabi Onaindia, Bizkaia Irratia irratiko zuzendaria; Odile Kruzeta, EiTBRadioseko zuzendaria; eta Iñaki Mendizabal, Euskaltzaindiako Komunikazio arduraduna. Era berean, Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendariak Juan Mª Aburto Bilboko Alkateari egindako elkarrizketa jaso da eta BilbaoArte-ko lau artista gazteren lankidetza artistikoa izan du 56. zenbaki honek: Elisabeth Perez Fernandez, Ruth Juan, Juan Malc Aitor Arakistain dira. 2000 ale inguru argitaratuko dira eta ohiko banaketaz gain, Bilboko Udalaren Liburutegien sarean eta liburutegietan ere egongo da eskuragarri.
6 hilabeteko ibilbidea
1936. urtea amaitzen ari zela eta azken Gerra Zibilean bete-betean sartuta, faxismoaren tropek aurrera egiten zutela Bizkaia setiaturik zegoela, Bilbon euskara hutsez egunkari bat argitaratzeko ekimena sortu zen. 1937ko urtarrilaren 1ean, Bilboko Posta kaleko 17an, sortu zuten Eguna, euskara hutsean idatzitako lehen egunkaria. Euskarazko lehen egunkariak 1937ko ekainaren 13ra arte iraun zuen, tropa frankistek uria hartu zuten arte. Kazetariak euskaltzale gazteak ziren. Gehienak 25 urtetik beherakoak. Gerra-garaia zen, batez ere, 1937ko martxoaren 31tik aurrera, orduantxe hasi baitzen Euskadi autonomoaren kontrako azken erasoa. Zabalkunderik handiena 10.000 alekoa izan zen eta 139 zenbaki kaleratuta, euskara hutsezko egunkari bat egon zitekeela erakutsi zuen.