Aste Nagusiko Bertako Pop Rockak 32. edizioa ospatuko du aurten. Bilboko Udalak 32.ediziorako izena emateko epea zabaldu du, "aire berriarekin baina oinarri berdinekin". Urteetan zehar Bizkaiko musikarientzat topaketa lekua izan da eta gaur egun ospetsuak diren talde ugari aritu izan dira bertan: Platero y Tu, We Are Standard, Penadas por La Ley, Zodiacs, Gora Japon, Zea Mays, Idi Bihotz, Athom Rumba, Audience, Los Brazos, Memoria de Pez, Porco Bravo, Eureka Hot 4, Ainara Legardon, Smile Rise To Fall, Unbreath, Eneko Mobydick, Rubia, Dekot eta Zazkel, besteak beste. Urteotan 2.000 lan baino gehiago aurkeztu dira eta 326 talde aritu dira Aste Nagusiko ikus-entzuleen aurrean.
Izena ematea
Deialdia zabalik egongo da udal webgunean ekainaren 25era arte. Parte hartu nahi duten taldeek Bizkaikoak izan behar dute eta gutxienez kide bat eduki behar dute Lurralde Historikoan erroldatuta. Metalaren eta pop-rockaren barruko estilo guztiak onartuko dira, jazza izan ezik. Andrazkoek osatutako taldeek eta euskaraz egindako lanek arreta berezia izango dute aukeraketa egiten denean. Gainera, izena emateko, gutxienez lau tema original aurkeztuko dituzte, baita biografia, argazkia eta harremanetarako datuak ere. Kanten hizkuntza, edo hizkuntzak, estiloa eta kideen izenak ere adieraziko dituzte. Aukeratzen diren taldeek lehentasuna emango diote Erakusketako emanaldiari eta kontzertua gutxienez 45 minutukoa eta gehienez 50ekoa izango da.
#LaMuestra-ren 32 urte
Bilboko Udalak Aste Nagusiko Bertako Pop Rock erakusketa 1985ean sortu zuen pop-rock musikan bere tokia bilatzen ari diren Bizkaiko taldeei bultzada bat emateko asmoz. Erripa Kaia, Unamuno plaza, Areatzako pasealekua eta Bailen kalea izan dira lehiaketaren eszenatokiak. Gaur egun Bilborocken egiten da. Lehiaketak Metal For The Crew eta Beste Jack Kultur Elkartearen laguntza du. Ikusle leialak dauzka eta urtero 5.000 pertsona joaten dira, batez beste, taldeen kontzertuetara.