Bilbo, hiri garbia, segurua eta solidarioa, baina oraindik asko hobetzeko

uriola.eus 2017ko eka. 13a, 13:55

Bilboko Udalak Gizakerren bidez uriari buruzko azterlana egin du. Datuen arabera herritarrek udal kudeaketari buruzko balorazio positiboa egin dute, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernu-taldearen agintaldiaren erdialdean. Nota onenak hiriaren garbitasunak, segurtasunak eta elkartasunak lortu ditu eta okerrenak langabeziak, trafikoak eta aparkalekuek. Zorrotza, San Frantzisko eta Otxarkoaga, hobetu beharreko auzoak izendatu dituzte hiritarrek. Juan Mari Aburto alkatea eta Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko eleduna izan dira Udalean balorazio positiboena lortu duten politikariak.

Bilboko Udalak, Gizaker S.L. enpresaren bitartez, udal kudeaketari eta Bilboko alderdi eta buruzagi politikoei buruz dagoen ezagutza eta balorazioaren gaineko azterlan bat landu du, 2015-2019 agintaldiaren erdialdearekin bat eginez. Halaber, botoaren bilakaera arakatu da, hauteskundeak orain deituko balira. Landa-ikerketa telefonoz egin zen 1.000 pertsonarekin hitz eginez, maiatzaren 29tik ekainaren 2ra bitarteko astean. Inkestatutako bilbotarrek 8,56 puntuko balorazioa eman diote uriari eta %90,9 harro dago bilbotarra izateaz. Datuen arabera, %87,9k hoberanzko bilakaera duela uste du. Inkestatuen herenak hirian garrantzizko arazorik ez dagoela uste duen arren, langabezia, trafikoa eta aparkalekuak izan dira aipatutako arazo nagusiak. Beharrizan nagusiak, aldiz, lana, auzoetako inplikazioa eta Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa.

Gizakerrek lortutako emaitzen arabera, herritarrek oso kalifikazio altuak eman dizkiete Termibuseko geltoki berriari, FEVEren trenbidea Zorrotzan lurperatzeko asmoari, Abiadura Handiko Trena lur azpitik sartzeko proiektuari, Zorrotzaurreko irlari eta Euskal Museoari. Bestetik, mugikortasuna, garbitasuna, segurtasuna eta elkartasuna izan dira inkestatuek gehien nabarmendu dituzten alderdiak. %84,3ak Bilbo hiri garbi eta segurua dela uste du. Ildo horri jarraiki, Bilbo turismoarentzat hiri erakargarria dela jaso du txostenak, batez ere, Guggenheim Museoa, Zazpikaleak eta Abandoibarrako pasealekua.

Auzoei erreparatuta, bilbotarrek lehentasunezko jarrera eskatu dute Zorrotza, San Frantzisko eta Otxarkoaga auzoetarako, eta ondoren Errekaldeberri auzorako. Auzoetako gatazkei dagokienez, ia erdiak horrelakorik ez dagoela dioen arren, Ollerietako Pitxis taldearekin eta Zorrotzako Landa auzoaren bazterketarekin lotutakoak dira gehien nabarmendu dituztenak.

Bilbotarrek Udalari hamarretik 6,86ko kalifikazioa ematen diote, datuen arabera. Gainera, 6,69ko kalifikazioa eman diote Udaleko egungo kudeatzaileen lanari, eta hirigintza, garbitasuna eta hiria eraberritzeko lanen inguruko jarduketak dira baloraziorik positiboenak lortu dituztenak. Bestetik, inkestatuen erdiek baino gehiagok ezer negatiborik ez dagoela dioten arren, auzoetako inplikazioa  hobetu beharreko alderdirik negatiboena bezala azpimarratu dute.

 

Udal taldeak aztergai

Ikerketan, bilbotarrek buruzagi politikoez duten ezagutza eta balorazioari buruzko fitxa bat ere sartu da. Bilboko Udaleko buruzagiei dagokienez, Juan Mari Aburto Alkate jeltzalea biztanleen %91,3k ezagutzen du eta 6,8 puntuko balorazioa ematen dio egindako lan eta kudeaketagatik. Alfonso Gil zinegotzi sozialista biztanleen %42,4k ezagutzen du, 5,5 puntuko balorazioaz. Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko eleduna biztanleen %35,9k ezagutzen du, 6,2 punturekin. Luis Eguiluz PPko ordezkaria nagusiak biztanleen % 32,35ek ezagutzen du, 4,7 punturekin. Carmen Muñoz Udalberriko zinegotzia biztanleen %14,8k ezagutzen du, 5,3 punturekin. Amaitzeko, Shamir Ladou Goazenko eleduna biztanleen %13k ezagutzen du, 4,6 punturekin. Inkestatutakoen %74k EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio-gobernuari 6,55 puntuko kalifikazioa eman dio.

 

Hauteskundeei begira

Azkenik, azterlan soziologikoak 2015eko Udal Hauteskundeetan bozkatutako alderdiekiko gogobetetze-mailaz eta boto-fideltasunaz buruz galdetu du, eta hauteskundeak orain deituko balira, hurrengo datuak lortuko liratezke: EAJk boto-aurreikuspena gehituko luke, %44ko boto asmoa lortuz. EH Bilduk duela bi urte lortutako emaitza bertsua izango luke, %14,2, eta PSE-Eek ere berdintsua, %12,9. Gainerako alderdiek behera egingo lukete, eta horrenbestez, PPk %10,2ko boto-asmoa izango luke, Udalberrik %7,35ekoa eta Goazenek %6koa. Ondorioz, Udalbatzarrak 29 eserleku dituela eta gehiengo osoa izateko 15 zinegotzi izan behar direla kontuan izanda, EAJk 13 zinegotzi izatetik 14 zinegotzi izatera igaroko litzateke. EH Bilduk eta PSE-EEk 4 zinegotzi izango lituzkete, orain bezala. PPk zinegotzi bat galduko luke, 4tik 3ra igaroz. Udalberrik eta Goazenek 2na zinegotzi izango lituzkete, orain bezala.