Oso planto arrakastatsua

Briñas-Santutxuko LOMCE eta Heziberriren kontrako Batzordea 2017ko eka. 15a, 17:41

Argazkiak: Luis Briñas-Santutxuko LOMCE eta Heziberriren kontrako Batzordea

Ikasgelak hutsik eta jolastokia “LOMCE-Heziberri ez” oihuka dauden familiaz, ikaslez eta irakaslez beteta. Honela laburbildu daiteke aurreko maiatzaren 19an, gure Luis Briñas-Santutxu eskolan bizi izandakoa.

Izan ere, maiatzaren 19ko egun hartan plantoa burutu genuen ikastetxe barnean egin nahi zen azterketa dela eta. Azterketa zentzugabekeriak eta Cristina Uriarte buru duen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak burugogor inposatu nahi izan zigun.

Zentzugabekeria eta burugogortasuna diogu badirudielako berarentzat ez garela ez familia, ez ikasle, ez irakasle, ez zuzendaritza, ez sindikatu, ez hezkuntza komunitate osoko inor ere existitzen.

Ez gara existitzen edo ez gaituzte entzun nahi, ozenago esan ahal zaielako, baina argiago ez: ez dugu onartzen LOMCE-Heziberrik inposatutako azterketarik. Era berean, ez dugu onartzen Gobernu zentralak inposatutako legea estaltzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak inposatutako hezkuntza legea, izena baino aldatu ez zaiona; LOMCE = Heziberri.

Badira jada hiru urte elkarrekin borrokan daramatzagunak gure eskolak, familiok eta irakasleok.

Horretarako LOMCE-Heziberriren aurkako komisioa sortu genuen ikastetxe barruan hasiera bateko lagun talde txiki batek, eta denbora epe honetan handituz joan da bai lagun kopuruan, bai indar eta lanerako grinan ere.

Lehenengo urte hartan

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxe guztiei helarazi zien mezuaren arabera, Lehen Hezkuntzako 3. mailako errebalidaren proba pilotua burutuko zen zozketaz hautatutako 30 ikastetxetan lehenengo urte hartan.

Azterketa egin behar zuten ikastetxeen zerrendan gurea sartuta zegoela entzuten hasi ginen.

Berehala ekin genion lanari, eta gure Ordezkaritza Organo Goreneko (OOG) gehiengo bat LOMCE-Heziberriren aurka azaldu zen. Irakasleen Klaustroak lege horren aurka bozkatu zuen. Era berean 3. mailako ikasleen familiek ere aurka bozkatu zuten, kontzientziatu eta informazioa jaso ostean jakin bazekitelako horrelako azterketen balio pedagogikoa hutsa dela eta sesgatutako erabilera eman dezakeela gerora ikastetxeen arteko rankinga egiteko. Honen eraginez, %100ak sinatu zuen euren seme-alabek azterketa egiteko baimena ukatzen zuen agiria. Erabaki hauek guztiak eta baita ikastetxean sinatutako erabakiak ere Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta Cristina Uriarte sailburuari berari bidali zitzaizkion.

Bestetik, Karmelo ikastolarekin elkarlanean ekintza ezberdinak, kontzentrazioak eta manifestazioak gauzatu genituen, auzoko bizilagun eta kide askoren laguntza eta babesa jasoz.

Lan honen guztiaren eraginez, por arte de birlibirloque gure eskola zerrendetatik desagertu zen, eta ez genuen azterketa pilotua burutu behar izan.

Iazko ikasturtean OOGen eta klaustroan LOMCE-Heziberriren aurkako jarrera berriztu zen. Familia orok berriz ere euren seme-alabek azterketa ez egitearen alde sinatu zuen.

Eusko Jaurlaritzatik jasotako informazioa nahasia zen eta Madrilen, LOMCEren aurkako jarrera handitzen zen bitartean, Euskal Herrian onartu eta ezartzen zuten Heziberri mozorropean.

180 ikastetxe baino gehiagok lege honen aurka intsumiso aldarrikatu genuen gure burua, horien artean gure eskolak, Luis Briñas-Santutxuk. Bide horretatik eskola eta irakaskuntza propio, plurala eta parte-hartzaile baten alde jarraitu genuen lanean, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki leloari jarraituz. 

Ikasturte honetan

Eusko Jaurlaritzak emandako LOMCE-Heziberri legeari buruzko zein Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako, DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 2. mailako errebalidei buruzko informazioa hutsa izan da ikasturte honetan.

Ez du behin ere errebalidekin zer gertatuko zen argi adierazi, ezta zeren alde joko zuen esan ere. Aste Santu aurreko asteazkenean jaso genuen eskola orok informazioa lehenengo aldiz, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek data jakin batzuetan azterketa egin beharko zutela esanez. Hitz testualek esaten zuten proba horietarako beharrezko prestaketak ikastetxeek “derrigorrez egin” behar zituztela. Aste Santua tartean, eta horren data estuekin Eusko Jaurlaritzak argi adierazi zuen zein zen bere asmoa; alegia, eskolen eta familien erantzuna murriztu edo suntsitu zuen helburu.

Baina ez zitzaien ondo atera.

Hala ere, gure eskolak jada bidaliak zeuzkan OOGk eta Irakasleen Klaustroak aurreko ikasturteetan bezala, LOMCE-Heziberriren aurkako erabakiak. Gainera, oraingo honetan 3. eta 6. mailako ikasleen familien ia %100eko sinadurak jasoak ziren, bi ikasturteetan azterketa ezarri nahi izatekotan.

Cristina Uriartek eta bere departamentuak tinko eusten zion hezkuntza komunitate osoak proba horien aurka esaten zuena ez entzuteari. Gainera, amore eman ordez, proba pilotu berria proposatu zuen, oraingoan Lehen Hezkuntzako 6. mailan eta DBHko 4. mailan.

Maiatzean probak burutzen hasi ziren, eta Euskal Herria osoan zehar plantoak areagotzen joan dira; Deusto ikastola, Mendialdea, Koldo Mitxelena, Beurko institutua, Egibide, Munoa, Arrigorriaga, Aixerrota, Basauri, Getxo… eta horrela ikastetxeen zerrenda luze bat, horien artean, gurea Luis Briñas-Santutxu dagoela.

Pasaden maiatzaren 19an 8:45etik egon ginen ikastetxean, orain dela hiru urtetik ostiralero lez LOMCE-Heziberriren aurka egiten dugun kontzentrazioan. Oraingo honetan babes eta jende kopurua nabari handiagoa zen. Kausa berdinaren alde bildu ginen guraso, irakasle, ikasle eta auzokideak.

15 minuturen ostean, goizeko 9:00etan, eta gainontzeko ikasleak ikasgeletan sartzen ziren bitartean, 3. mailako ikasleak eta ikasleen senideak kanpoan geratu ginen inposatutako azterketen aurkakotasuna entzutetsu eginez txistu, kontzentrazio zaratatsu, pankarta eta kartel bidez. Eskola barruan, bitartean, hutsik geratu ziren azterketa egiteko erabili behar ziren ikasgelak eta ordenagailuak; horiek erabiltzeko inor ez zela.

Plantoa oso arrakastatsua izan zen. LOMCE-Heziberriren aurkako komisiotik eskerrak eman nahi dizkizuegu plantoan gurekin izan zineten familia, ikasle, irakasle eta auzokideei, mila esker! Era berean, gure seme-alaben hezkuntzaren aldeko lanak eta borrokak aurrera jarraitzen duela adierazi nahi dugu.

Plantoaren aste berean, Eusko Jaurlaritzak LOMCE-Heziberriren ebaluazioak bertan behera uztea deuseztatu du, eta hezkuntza komunitateari ez entzuteko jarreran tinko darrai.

Alexander Popek esan zuen “zuzentzea jakintsu izatea da”, eta Forrest Gumpek “tontoa tontakeriak egiten dituena da”.

Uriarte anderea, utz iezaiozu tontakeriak egiteari eta zuzendu, Luis Briñas-Santutxuko LOMCE-Heziberriren aurkako komisiokoek nahiago dugulako hezkuntza sailean jakintsu bat izan… baino.