Antitaurinoak plazara irten ziren Vista Alegren

uriola.eus 2017ko eka. 13a, 12:00

Argazkia: Manuel Fernandez Minaya/eldiario.es

Bilboko Vista Alegre zezen plazako hondarretara jauzi egin zuen antitaurino talde batek joan den ostiralean, Erruki-Etxearen aldeko zezenketan. Ekintzak "gizarte-elkartasuna eta animaliak hil arte torturatzea bateragarriak ez direla" adieraztea zuen helburu.

Bakearen aldeko Gladiadoreak erakundeko lau kidek eta Leganes (Madril) herriko bi suhiltzailek Vista Alegre plaza erdira sartu eta "Solidaridad (ezabatuta), Sangre y Estafa" zioten kamisetak erakutsi zituzten. Protesta ekimen baketsua izan zen. Ez zuten inor arriskuan jarri. Publikoaren txistu artean kanporatu zituzten hondarretatik plazako langileek.

Bilboko Erruki-Etxeari laguntzeko zezenketa zen ekainaren 9koa. "Ustez solidarioak" diren ikuskizunen onuradun bakarrak "enpresariak, toreroak, ordezkariak eta ganaduzaleak" direla salatu nahi izan zuten ekintzaileek. 

Ostiraleko zezenketa aurkeztu zen une beretik izan da polemika-iturri. Joan den astean, AVATMA albaitari elkarteak eginiko salaketa baten ondorioz, Guggenheimek museoaren irudia zezenketaren karteletik kentzeko eskatu zuen, Bilboko Klub Taurinoa baimenik gabe erabili zuela argudiatuta.

Bilboko Klub Taurinoko kideek, ekainaren 9ko zezenketa “girotze aldera, manolak berreskuratzeko aukera” aipatu zuten. Manolak toreroen amabitxiak dira. Eguzki talde ekologistaren arabera, "folklore espainol zaharkituenak hain gustuko dituen peinetaz, mantelinaz eta mantoiaz jantzitako emakume horiek". EH Bilduk salaketa egin ondoren, Udalak ekimena bertan behera utzi zuen, "sexista" dela iritzita. 

 

Argazkia: Manuel Fernandez Minaya/eldiario.es