G20 bezala ezagutzen den gailurra, 1999tik aurrera munduko 20 estatu boteretsuenetako buruek osatzen dute, eta bertan, "munduaren geroari dagozkion erabaki garrantzitsuenak" hartzen dituzte.
Bertan, politika ekonomikoa, finantzieroa, komertziala, enplegua eta garapenaren inguruan hitz egiten dute. Baita klimaren inguruan ere. Aurtengoan ordea, errefuxiatuen aferak, migrazioen fluxuak eta politika antiterroristak leku garrantzitsua hartuko dute. Iberdrola dorrearen aurrean buruturiko prentsaurrean adierazi dutenez, "gure ongizatea erdigunean edukiko luketen bezala planifikatzen dute gaiordena, ondoren herriok berezko beharko genituzkeen erabakiak luxu guztiez inguraturik 20ren artean hartzeko". Herritarrenak diren erabakiak "gutxi batzuen interesak defendatzeko" hartuko dituztela salatu dute.
Bi egunetan zehar, segurtasun neurri handiekin zaindutako luxuzko bunkerretan batzartuko dira agintariak, kalean protesta eta manifestazioak "ixilarazten dituzten" bitartean.
Gizarte eragile eta sindikatuen arabera, herriek eta herritarrek horrela, ez dute "inolako erabaki gaitasunik". Bertan hartutako erabakiak, "goitik behera zuzendutako kate baten azkeneko katebegia izatera behartzen gaituzte". Eskema horren baitan "ez dugularik gure erabaki propioak hartzeko gaitasunik".
Baina, herriak gai dira erabakiak hartzeko. "Gai gara, gustuko duguna, ez duguna gustuko, guretzat ona dena eta txarra dena ezberdintzeko eta gure erabaki propioak hartzeko inolako injerentziarik gabe".
Hortaz, "katebegia izateari utzi, begiak ireki eta kateak hausteko ordua" dela adierazi dute agerraldian: "Herritarrok, burujabetzarako eskubidea exigituko dugu, gaur egun erabakiak hartzeko aukera berdinak ez ditugula kontuan hartuta, erabakitzeko gaitasuna izan nahi dugulako".
Bi deialdi
Bi deialdi egin dituzte. Alde batetik, uztailaren 8an bueltan Euskal Herriko herrialde ezberdinetan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia. Bestalde, Euskal Herriko ordezkaritza bat bezala autobus bat antolatu dute Hamburgon uztailaren 7 eta 8an egingo diren manifestazioetan parte hartzeko. Autobusean izena emateko, herriokerabakiekimena@gmail.com helbidera idatzi behar da mezua.