Bilboren 'erorketaren' 80. urteurrenean "mobilizatzera" deitu dituzte hiritarrak

uriola.eus 2017ko eka. 16a, 09:25

Atxuritik sartu ziren Bilbo hirira tropa nazionalak duela 80 urte. Horregatik hiru egunez luzatuko diren ekitaldietako lehena Atxurin izango da gaur 19:00etan, Santos Juanes plazan "Bilboren 'jausieraren' 80. urteurrenaren oroimenez". 

Tropa frankistak duela 80 urte sartu ziren Bilbon. Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideek gaur azaldu dutenez, hiriaren erorketaren 80. urteurrena "ez da bakarrik oroimen kontua, mobilizazio kontua ere bada". Izan ere, Josu Ibargutxi abokatuaren hitzetan, 80 urte hauek "ez dira dohainik pasa", eta oraindik ere Frankismoaren aztarnak "nabariak" direlako "mobilizazioa beharrezkoa da", batik bat, inpunitateak, "inpunitate osoak", jarraitzen duelako oraindik. Estatu espainiarrean "gobernuek eta alderdiek babesten duten inpunitatea".

Adibide gisa jarri du joan den irailean Estatuko Fiskaltza Nagusiak onartutako xedapen orokorra. Neurri horrek "nazioarteko jurisdikzioari ere ez dio uzten Frankismoaren krimenak epaitzen ez ardurak ikertzen". 

Euskal plataformak garbi zuen 80. urteurrena "mobilizatzeko urtea" ere bazela. "Zorionez", plataformako lagunak ez daude bakarrik, hainbat alderdi eta sindikatuk bat egin dute antolatu dituzten ekimenekin. 

 

Agerraldian Juan Mari Zulaikak irakurritako manifestua

 

Mobilizazioak

Gaur, hilak 16, Santos Juanes plazan (Atxuri) "Bilboren 'jausieraren' 80. urteurrenaren oroimenez" ekitaldia prestatu dute 19:00etan. Atxuritik sartu ziren hirira tropa nazionalak, eta lehen ekitaldia bertan egitea erabaki dute arrazoi horregatik.

Ekainaren 17an, Frankismoarekin amaitu, demokrazia berpiztu lelopean manifestazioa egingo dute 18:00etan Eliptika plazatik hasita. Bertan dago, Ogasun Ministerioaren eraikinean oraindik ikur frankista handia. "Zorionez, arranoa desmuntatzeari ekin diote", adierazi du Ibargutxik. 

Igandean, hilak 18, bi ekitaldi izango dira. Biak Artxanda aldean. Lehena, 11:00etan, Egirletako gurutzean, Santo Domingo gainean. Karlistada garaitik bertan badago ere, gurutzeari, "sinbologia frankista ezarri zioten", eta hortaz "Bilbo suntsitu zutenei" gorazarre egiten dien monumentua izaki, "protesta" ekitaldia egingo dute. 

12:30ean La Huella eskultura handiaren inguruan urteroko ekitaldia antolatu dute "askatasunaren alde hildako miliziano eta gudariei gorazarre egiteko". PPk ezik, gainerako alderdi guztiek bat egin dute deialdiarekin.  

 

Udal langileen omenez

Bilboko Udalak frankismo garaian fusilatu eta errepresaliatutako "udal langileen omenezko eta aitorpenezko ekitaldia" egingo du gaur. Hau da Udalak hiriaren erortzearen 80. urteurrenaren barruan antolatu duen "ekitaldi instituzionalik garrantzitsuena".

Omenaldia "fusilatutako funtzionarien oroitzapenezko plaka bat" desestaliz hasiko da, eta jarraian, depurazio-prozesua pairatu zuten 1.000 langile baino gehiagori (maistrak, medikuak, suhiltzaileak...) izen-deiturak jarri dizkien ikerketa-liburua aurkeztuko dute, tankera horretako lehena.