Martxan da Gazte Solidarioak ikasturte berriaren programa

uriola.eus 2017ko eka. 20a, 13:24

Unibertsitateko graduondoko ikasleak dira, Otxarkoagako eta Bilbo Zaharreko alokairu partekatuko pisuan bizi dira 55 euro ordainduta. Trukean auzoko proiektu komunitarioetan laguntzen dute. Batez beste 26 urteko adina duten 260tik gora gaztek hartu dute parte 2011tik.

Gaur goizean aurkeztu dute Otxarkoagako Udaltegian Gazte Solidarioen ikasturte berriaren programa. Zazpigarren urtea da aurten, eta bere helburua da herritarren partaidetzaren kultura bultzatzea, laguntzarako sareak sortzea eta proiektu komunitarioak eta auzoko proiektua garatzea, auzoetako bizi-kalitatea hobetzen eta gizarte-bazterkeriaren arriskua murrizten laguntzeko. EHUko eta Deustuko Unibertsitateko graduondoko ikastaroetan matrikulatuta dauden ikasleentzat zuzendutako programa da eta udal etxebizitzak eskaintzen ditu, alokairu partekatuan.

2016/2017 ikasturtean EHUko 45 eta Deustuko 10 ikasle ari dira parte hartzen ekimen honetan. Unibertsitateko 55 ikasleek Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen hogei pisutan bizi dira. Pertsona bakoitzak 55 euroko prezio sinbolikoa ordaintzen du, argia eta uraren gastuak sartu barik. Trukean, ikasleek Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoetako proiektu komunitarioetan eta talde ahulen laguntzako proiektuetan laguntzen dute.

Batez beste 26 urteko adina duten eta EHU eta Deustuko unibertsitateetako campusetan ikasten ari diren 260tik gora gaztek hartu dute parte programan hasiera-hasieratik, 2011tik hona hain zuzen.Hurrengo edizioan Mondragon Unibertsitatea sartuko da programan, bertan graduondoko ikasketak egiten ari diren ikasleek Bilboko udal pisuetan egon ahal daitezen.