Kalealdiak bere hamezortzigarren edizioa ospatuko du aurten, eta kalitate maila bikaina erakusten duen programazioarekin egingo du gaurtik uztailaren 1era 58 emanaldirekin. Kaleko arte eszenikoen nazioarteko panoraman lehen mailan dauden zenbait konpainiaren proposamen berrienak bildu ditu. Horietako asko, aurten aire zabaleko agertoki handi gisa finkatzen den Casilda Iturrizar parkean izango dira. Aurtengo edizioan parkeak apainketa berezia izango du jaialdiari ongi etorria emateko.
Guztira 27 konpainiak hartuko dute parte: 6 Euskal Herrikoak, eta 18 Frantzia, Portugal edo Danimarka bezalako herrialdeetatik etorritakoak eta 3 Estatuko gainerako lekuetakoak. Euren lanak, dagoeneko ohikoak diren Areatzako, Plaza Barriko eta Arriaga Plazako agertokietan aurkeztuko dituzte, eta baita dagoeneko aipatu den Casilda Iturrizar parkean ere. Aurten ere zirkuko karpa handia instalatuko da parke horretan, eta bertan zabalik egongo diren beste lau agertokiekin batera, hiriko gune berde hori kaleko arte eszenikoez gozatzeko aire zabaleko antzoki gisa finkatuko da.
Edizio honek, gainera, Estatuan lehen aldiz ikusiko diren zortzi ikuskizun jasoko ditu. Nazioarteko proiekzioa duten sei konpainia frantses dira, Cirque Content por Peu, umorez jantzitako akrobazia orekez osatutako ikuskizuna, genero burleskoan eta zine mutuan oinarritutakoa; Les Frelots konpainiaren Comme un petit air d’ antan; Impact aurkeztuko duen Cie Rêve; 3D ikuskizuna ekarriko duen Cie HMG; Fille d´Hestia zirku ikuskizuna eskainiko duen Mystica Salvaje; eta Pizza Participative ekarriko digun Quignon Sur Rue. Estatu mailako estreinaldiak osatzeko Apokellen Marionetas Txileko konpainia eta Vincent performancea eskainiko duen Cão a Chuva clown portugesa izango ditugu.
Estatu mailako zortzi estreinaldi horiez gain, programazio osoan azpimarragarria da Dodo´s Dream ikuskizun mutua ekarriko duen Circle of Two konpainia britainiarra. 2009tik ikuskizun horrek sari garrantzitsuak lortu ditu Europa osoko jaialdietan. Pigmalionen mitoan eta E.T.A. Hoffmannen ipuinetan inspiratutako lana, zirkua, antzerkia eta txotxongiloak nahasten dituen eta panpina mekaniko baten eta Dodo, haren fabrikatzailearen, arteko ezinezko maitasun istorioa kontatzen duen pantomima poetikoa da.
Horrez gain, Bilboko Udalaren partaidetza duen mugaz gaindiko De Mar a Mar – Pirineos de Circo lankidetza ekimenaren barruan, Europa barruko zirku konpainia garrantzitsuenetako batzuk egongo dira Bilboko Kalealdian, horien artean Bivouac eta Daraomaï, Frantziatik datozenak, edo Eia, Zirku Konpainia katalana.
Bivouac konpainia frantziar ospetsuak A corps perdus zirku eta dantza ikuskizuna eskainiko du, uztailaren 1ean, gaueko 23:00etatik aurrera, Arriaga Plazan. Beste urte batez, kokaleku horrek, Areatzako kaiarekin batera, eszenan jartzeko instalazio eta muntaketa handiak behar dituzten gaueko ikuskizun ikusgarrienak jasoko ditu. Daraomaï frantziarrek TiraVol ekarriko dute, ikus-entzuleak aireko unibertsora eramango dituen poesiaz eta umorez betetako ikuskizuna. Zirkuko pertika txinatarra, funambulismoa eta akro-dantza arteak, musika eta dantza, kadentzia gozo eta temerarioaren erritmoan nahastuko dira. Bi emanaldi eskainiko dituzte, Epaltza kalean eta Areatzako kaian.
Kataluniako Eia Zirku Konpainiak, bere aldetik, inTarsi bere azken lana estreinatuko du Kalealdiaren barruan, ekainaren 28an, 22:30etik aurrera, Arriaga plazan. Lau akrobatek bidaia bat egingo dute, dantzaren, antzerki fisikoaren eta, batez ere, zirkuko arteen bitartez, jarrera akrobatikoekin, bankinarekin, mini-tranparekin edo baskularekin. Lau pertsonaiek, etengabe metamorfoseatzen ari diren elementu eszenografikoekin ikertzen dute.
Nazioarteko proposamenen artean, azpimarragarria da Quignon Sur Rue taldeak ekarriko du, eta Casilda Iturrizar Parkean instalatuko den Pizza Participative. Estatu mailako estreinaldia izango den ikuskizun horretan, pertsonaiak pasio komunaren inguruan elkartuko dira: ogiaren inguruan. Konpainiak labe ibiltaria egin zuen, eta labe horrekin joaten da kaleko jaialdietara. Bizitzaren antzerkia bilatzen dute kaleko jatetxe batean. Esperientzia usainarekin hasten da, labea berotzen hasten denean, ireki baino ordubete lehenago; ondoren antzezle-sukaldarien ikuspegi atseginarekin jarraitzen du, pizzaren orea egiten eta abesten. Ikus-entzuleek soinu-banda aukeratu ahal izango duten afari-showarekin amaituko da.
Euskal konpainiak
Deabru Beltzak, Dikothomia, Eva Guerrero, Hortzmuga, Organik eta Shakti Olaizola euskal konpainiek euren azken lanak eskainiko dituzte, dantzatik zirkura, kaleko antzerkira edo clownera doazen proposamenekin.
Halaber, kaleko arteen sorkuntza bultzatzen duen Karrikanen plataformak lehen laguntza deialdian aukeratua izan zen Eva Guerreroren El fin de las cosas dantza garaikide pieza jasoko du. Lana Eva Guerrero bilbotarrak zuzentzen du, eta interpreteak Garazi Lopez de Armentia eta Aritz Lopez dira. Bilboko jaialdia izango da, baita ere, Shakti Olaizolaren Baldin bada azken lanaren aurkezpenerako lekua. Lan horrek antzerkia, zirkua eta txotxongiloak fusionatzen ditu, eta De Mar a Mar - Pirineos de Circo programako lehen laguntza deialdiaren azken aukeraketara heldu zen proiektuetako bat izan zen.
Dikothomia, Organik eta Hortzmuga taldeek ere euren azken lanak aurkeztuko dituzte, azken horrek, kalean esku-hartzeko pentsatuta dagoen eta ikus-entzuleen partaidetza aktiboa bilatzen duen Femmes ikuskizunarekin. Jaialdiaren edizio honen itxiera Deabru Beltzak konpainiaren eskutik etorriko da, musika eta kaleko antzerkia uztartzen dituen Su a feu ikuskizunarekin, danborrek, dantzak eta suak lagunduta. Jaialdiari amaiera emateko, gauerditik aurrera Areatzako kaia hartuko duen ikuskizun horretan, etorkizuneko pertsonaia bitxiek kalea inbadituko dute, erritual modernoek eguneroko bizitzako keinuak integratuko dituzten espazio bilakatuz, munduko hainbat lekutako erritmoarekin eta antzinako suarekin uztartuz. Deabru Beltzak konpainiak 20 urte bete ditu, eta berriro ere bere estilo ezaguna erakutsiko du, ikus-entzuleei, kalea bizitzaz betetako erritmo eta argi jai magikoa eta magnetikoa bilakatzeko gonbidapena eginez.
Ikuskizun guztiak doakoak izango dira, Casilda Iturrizar parkeko karpa barruan egingo diren emanaldiak izan ezik. Ikuskizun horiek 3 euroko prezio sinbolikoa izango dute, leku kopuruaren kontrola egin ahal izateko.
Informazio gehiago: www.bilbokokalealdia.eus