Stonewalleko gertaerak aipatzen direnean —LGTB komunitatearen askapenerako egunaren jatorria—, gutxitan entzuten dira Marsha P. Johnson, Sylvia Rivera, Storme DeLaverie edo Miss Major izenak.
1969ko ekainaren 28an trans, drag emakumeek, prostitutuek eta New Yorkeko Greenwich Villageko taberna hartako bezero guztiek poliziari aurre egitea erabaki zuten, behin eta berriz gehiegikeriak jasaten zituztelako tabernan egiten ziren polizia operazioetan.
Horrela, errebolta inprobisatuak sortzen joan ziren, eta data hori LGTB komunitatearen askapen eguna bihurtuz joan zen. Gaur egun ia mundu osoan ospatzen da.
Baina protagonista horiek, immigranteak, beltzak, latinoak, horietariko asko prostitutak... kontakizun historikotik desagertuz joan ziren. Zineman ere nekez aurkituko ditugu. Stonewalleko gertaerak kontatzen dituen azken filma kasu, Roland Emerich zuzendariarena; LGTB komunitatearen zati handi batek “historia zuritzea eta maskulino bihurtzea” leporatu zion.
Emakume trans eta drag horien adoreari bizirik eusteko asmoz, Zinegoakek Marsha P. Johnsoni buruzko azken dokumentala eskainiko du doan bihar. Tribecako zinema jaialdian estreinatu berri da duela aste batzuk.
The Death and Life of Marsha P. Johnson filmean, David France zuzendariak Marsha P. Johnsonen —drag queen aktibista ospetsua, Stonewalleko beteranoa eta trans pertsonentzako eskubideen mugimenduko kosortzailea— heriotza bitxiaren ikerketa azaltzen du. Marsha hilik agertu zen Hudson ibaian, eta kasua artxibatu egin zen bere buruaz beste egin zuela argudiatuz.
Artxiboko irudiak, elkarrizketekin batera, ikerketa argitzeko oso baliagarriak izan ziren. Izan ere argi geratuko da arrazoi sakonagoak izan zirela kasua ixteko.
"Dokumental interesgarria dugu", Zinegoak jaialdiko arduradunen hitzetan, "fikziozko zatiekin, eta oso aproposa E28aren jatorria hobeto ezagutzeko eta heroi ahaztuak gogora ekartzeko".
Emanaldia Zinegoak365 programaren baitan kokatuta dago. Horren asmoa Zinegoaken pelikula eta jarduerak jaialditik harago zabaltzea da.
Gaur, ekainak 27, izango da proiekzioa, Bilborock aretoan, doan.