Udazkenean eraitsiko dute Artxandako jolas parkea

uriola.eus 2017ko eka. 27a, 09:53
Argazkia: Sergio Suhigarai @autrigoiak

Azkenean bai. Bizkaiko Foru Aldundiak Artxandako jolas parkea eraitsiko duela dirudi. Udazken honetan egingo duela iragarri du, eta horretarako 400.000 euro bideratuko ditu aurten eta 1.100.000 hurrengo urtean. 

Artxandako jolas parkearen eraisketarako Bizkaiko Foru Aldundiak gorde zuen lehen diru partida 2016ko aurrekontuetakoa zen. Agintaldi hartan eraitsi behar bazuen ere, obra atzeratzea erabaki zuen, “gastuak lehenetsiz” eta “lehentasunik ez zuten proiektuak alboratuz”.

Oraingo honetan diru partida handiagoa bideratzea erabaki du Aldundiak. Gobernu Kontseiluaren onespenarekin, eraisketan aurtengo aurrekontuetako 400.000 euroko partida eta hurrengo urteko 1.100.000 eurokoa erabiliko dituzte.

Udazkenean eraisketari ekin arte, data zehatzik gabe oraindik, Aldundiak jendarteari gogorarazi dio debekatuta dagoela jolas parkean sartzea. Izan ere, parkeko egituren egoera ez da ona. Teilatuetako xafla metalikoak jausteko arriskua dago, apurtutako kristalak daude eta objektu zorrotzak.

Sarbidea eteteko hainbat neurri hartu ditu Aldundiak: parkea hesitu du, debeku seinaleak jarri ditu, baita zaintza-lana egiten duten segurtasun langileak ere. Hala eta guztiz, jendea parkean sartzen da “bere segurtasuna arriskuan jarriz”. Aldundiak horren “froga argiak” ditu.

1974. urtean ireki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Artxandako Jolas Parkea ia hamar hektareako eremuan, Galdakaoko lurretan, Ganguren mendiko magalean. Garaiko 551 milioi pezeta balio izan zuen, eta 130 laguni lana ematen zion. Europako parkerik modernoena izan omen zen, inoiz ikusi gabeko atrakzioak ei zituen. Hasiera oso arrakastatsua izan bazen ere, 1985etik aurrera bisitarien jaitsiera geldiezina izan zen, 1990ean parkeak azken hatsa bota zuen arte. Ordutik hona parkea biltegi gisa erabili da, baina denborak, klimatologiak eta naturak elkartuta desagerrarazten joan da.