LGTBfobiaren kontra borrokatzeko ekainaren 28an manifestazioa antolatu dute

uriola.eus 2017ko eka. 27a, 16:19

Bizkaiko E28 Koordinakundeak biharko manifestaziora deitu du kolektiboarekiko gorrotoa salatzeko. Ospakuntza merkantilizatuen aurrean kritiko agertu da lantaldea.

E28 Koordinakundeak LGTBIfobia eta gorroto diskurtsoen aurka borrokatzeko manifestazioa antolatu du bihar No es libertad de expresióngorrotoa baino ez da lelopean. Sistema cisheteropatriarkalaren indarkeriaren aurka borrokatuko direla gogorarazi dute "kolektiboaren barruan eta baita kanpoan ere". Ospakuntza eguna ere izango dela adierazi du lantaldeak, "geldiarazi nahi gaituen sistema baten pean zutik jarraitzeko eguna" baita. Manifestazioa Moyua plazatik abiatuko da 19:30etan.

Aurten ere hainbat erasoei aurre egin behar dizkiotela salatu dute, "autobus transfoboak, osasun sitemaren informazio faltak ekarritako trans pertsonentzako hormona hornidura falta, estatu mailan errekorrak apurtu dituen eraso LGTB+fobiko kopurura". Nazioarteko gaiak ere gogoan izan dituzte, "Chechenyan torturatuak eta erailak izaten ari diren gizon gay eta bisexualak, Higui, eta europar gobernuek erakutsi duten interes falta LGTB+ etorkinen babes eskaerak entzuterakoan".

Merkantilizazioa gaitzetsiz

Koordinakundeak "merkantilizaziorik gabeko ospakuntza" nahi dutela adierazi du, helburu kapitalistarik ez duena. "LGTB+fobiarik gabeko Bilbo bat nahi dugu, eta horretarako ezin dugu ortzadar koloreko alfonbra baten azpian zikinkeria guztia ezkutatu, gure irudia garbitu eta mapan agertzeko". Bilbo friendly bat nahi ez dutela azaldu dute, "gure borroka eta eskubideekin konprometitzen den Bilbo bat behar dugu".

Udalak bat egingo du

Bilboko Udalak bat egingo du Harrotasun Egunarekin eta arratsaldeko 20:00etan udaletxeko fatxada ortzadarraren banderako koloreekin argiztatuko duela jakinarazi du. Ekintza horrekin, sexu eta genero-dibertsitatea eta benetako berdintasuna aldarrikatuko du. Gainera, beste kanpaina bat aurkeztu du Izan. Maitatu. Eta harro! leloarekin.