Bilbo Zaharreko Kultur Etxean egindako mahai inguruan asko izan dira hiru partaideek utzitako ideiak eta proposamenak.
Ohiko hirigintzatik aldenduta eredu alternatiboen bila lanean aritzen da Ula Iruretagoiena arkitektoa. Bere ustez turismoari buruz hausnarketa egiteko lehenik Bilbon egondako aldaketak aztertzea garrantzitsua da, "errepaso historikoa egitea" Erdi Arotik egungo hirira. Hiria aldatzen den izaki bizidun bezala ulertzen du Iruretagoienak, eta hiritarren beharrak aldatzen dihoaz heinean, bere egitura ere aldatzen da. Hortaz, hirigintza "aldaketak antolatzeko diziplina" da.
Bilbon izandako aldaketa guztietan itsasadarrak berebiziko garrantzia izan du. Harresia desagertu ondoren hiria handitzen joan zen. 1876koa da burutu zen lehenengo planifikazioa. Industrializazioan, berriz, planifikaziorik gabe handitu zen hiria: auzo berriak sortu ziren, etorkinak heldu ziren… Aldi berean, suburbanizazio prozesua hasi zen. Krisi ekonomikoarekin "aldaketa prozesuan sartu ginen, beste kontakizun batean". Hiriak zerbitzuen ekonomiaren alde egin zuen apustua. Hortik, hiri-marka eta turistizazioa.
Hiria aldatzeko bi estrategia desberdindu ditu Iruretagoienak: batetik, berritzea eta, bestetik, leheneratzea (Alde Zaharra, adibidez). Prosezu hauetan espekulazioa oso nabaria izaten da, eta gentrifikazioa da bere ondorioa. Argiro azaldu du arkitektoak turismoa, berez, ez dela txarra. Txarra izan daitekeela "masen turismoa eta bere kudeaketa".
Filosofian eta Antropologia soziokulturalean lizentziatua den Andeka Larrearen iritziz, gentrifikazioa eta turistizazioa Bilbon garatutako hiri eraldatze prozesuaren baitan ulertu behar dira: "Prozesu honetan, kapital sinbolikoa eta kontaketa gakoak izan dira. Prozesua zuzendu eta diseinatu duten eliteek, batez ere, arduradun politikoek Bilboko hiri-marka sortu dute, hiria kapital globalen esku utziz".
Aldaketa "ez da batere originala" izan. "Kapitalismo globalaren mutazioetan sartu beharko genuke, F. Jamesonek azpimarratzen duen bezala". 70eko hamarkadaren krisiaren ondorioz, hiriak kapitalaren metaketarako leku apropos bihurtzen dira. Hiria "produktu bezala" ageri da, eta hori errealitate berria da.
Bilbon garatutako hiri eraldatzearen ondorioz, hiria bera hasi ziren eskaintzen tours operators-ek, eta pixkanaka, turistak agertu ziren. Hasieran, Bilbo 'berrian' bakarrik, baina gero eta gehiago Alde Zaharrean. Hortik, "kaleak turisten zerbitzura ipintzen dira": denda berriak, frankiziak…. Laburbilduz, guzti horrek "hiri espazioaren estandarizazioa" dakar.
Larrearen arabera klaseen arteko borrokaren arloan koka daiteke hirietan azken hamarkadetan gertatzen dena: "Baliabide gehiago (errenta eta kapitala) dutenek aukera daukate hirian negozioak egiteko eta hiri bere neurrian diseinatzeko, desberdintasunak izkutatzen dira (Bilbo Berrian ikusten ez den jendea, marginatuak, subalternitateak, eta abar); herritar gehienok ez daukagu eukera hori, jakina. Hiria, nolabait esateko, galdu egin dugu, Bilbo galdu egin dugu prozesu honetan".
"Nola berreskuratu, hortaz, gure hiria?", galdetzen du Larreak. "Hasteko, gaiari (La cuestión urbana) bere garrantzia emanez eztabaida politikoan, Udalean, hiritar guztiei azalduz zergatik berreskuratu behar dugun hiria. Auzoetan, beharbada, lan garrantzitsua dago, haiek izan baitira amets honetatik baztertuak (amets urbanoa, Bilbo Berria). Bigarren ideia bat: Hiria feminizatu behar da, arlo eta esparru guztietan. Egungo eredua guztiz konpetitiboa da, kapitalista, gizonezkoa; beste eredu bat, baita eredu ekonomikoa, mahigaineratu ahal da, ezkerretik: elkartasuna, auzoak erdian, beste eredu ekonomiko bat. Bartzelonan gertatutakoa Ada Colaurekin (ez ahaztu Bilbo kopia bat baino ez da eta Bartzelonan dauden arazoak turismoarekin hona helduko dira ez badugu aldatzen) oso adierazgarria da zentzu honetan. Bilboko ezkerreko indar aurrerakoien esku dago alternatiba bat sortzea".
Arkitektoa eta hiri eta industria ondarearen ikerlaria da Iñaki Uriarte. Bere ustez turismoaren eragina nabaria da Bilbon eta kaltegarria hiriaren nortasunean. Masen turismoarekin hiriek bere nortasuna galtzen dutelako. Etorkizunean "adi" ibiltzeko gomendatzen du. "Urbarizar" neologismoa darabil, "dena egiten delako tabernentzat". Uriarteren esanetan gentrifikazioa "gizarte ondoezaren sintoma" da, eta Errekaldeko Kukutza gaztetxea gogoratzen du, "herri instituzio" bezala. Erakundeen lana gogor kritikatzen du, besteak beste, identitatea "barregarritzat" aurkezten dutelako, eta adibide gisa jartzen du euskal kulturaren erabilera ekitaldi eta jaialdi batzutan.