'Eraso sexistarik ez' bideoklip berria kaleratu du Yogurinha Borovak

uriola.eus 2017ko uzt. 3a, 09:19

Eraso sexistarik ez 'Poliamor' disko berriaren lehenengo singlea kaleratu du Yogurinha Borovak ekainaren 29an Harrotasunaren Egunaren harira. Iker Sadaba Goñik abestiari letra ipini dio eta Alberto Domingo Zaratieguik musika. Bilboko zenbait txoko agertzen dira bideoklipan.

Yogurinha Borova artistak bere 'Poliamor' disko berriaren lehenengo singlearen bideoklipa kaleratu du, Eraso sexistarik ez. Ekainaren 29an Harrotasunaren Egunaren harira Youtubeko kanalaren bidez publiko egin zuen bere lan berria. Bideoan 40 lagunek baino gehiagok parte hartu dute, eta Asier Bilbao eta Lutxo Egia bezalako pertsona ezagunak agertzen dira. Iker Sadaba Goñik abestiari letra ipini dio eta Alberto Domingo Zaratieguik musika.

Kantak, emakumeek jasaten duten "indarkeri, eraso eta bortxaketa" ditu hizpide, baita LGTB kolektiboak pairatzen duen indarkeria ere. "Gizarte honen gaitza" bezala definitzen du eta egunez zein gauez "beldurrik ez" izateko deia egiten du. Abestiak, kasu horiek salatzea "gure eginkizuna delaz" kontzientziatu, eta, bide batez, libre maitatzera, bizitzera eta "zure aukerari eustea" defendatzen du, "trabesti, transexual, gay eta lesbianei" batez ere zuzendutako mezua delarik.

Bilboko zenbait txokotan grabatu dute, hala nola, Abandoibarrako pasealekuan eta San Anton elizaren ondoan.