EHZ festibalaren aldeko elkartasun gaualdia antolatu dute bihar Bilbon

uriola.eus 2017ko uzt. 4a, 08:44

"Elkartasun erauntsia" behar du Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalak aurtengo edizioa eguraldi txarragatik bertan behera utzi ondoren. Bilbon, makina bat musikari elkartuko dira bihar, uztailak 5, Biba kulturgunean elkartasun kontzertua eskaini asmoaz. 

Eguraldi txarraren ondorioz segurtasuna bermatu ezin zutela eta, iragarri zuten antolatzaileek joan den ostiralean 22. Euskal Herria Zuzenean festibala bertan behera utzi beharrean zeudela. Berria zabaldu bezain pronto, Lekorneko auzolan erraldoiak elkartasun erauntsia eragin du Euskal Herri osoan, festibal herrikoia den seinale. Hazparnen, Kanbon, Donostian, Ondarrun... antolatu dituzte elkartasun ekimenak erauntsia sortuz. Mugarik ez duen erauntsia da. 

Bilbon ere hamaikatxo lagun aritu dira bihar, uztailak 5 asteazkena, hainbat musikariren emanaldiak lotzen Biba kulturgunean. Parte-hartzea ziurtatu dutenen artean daude: Aiore&Piti, Eñaut Elorrieta, Gorka Suaia, Inun, Iratxe Mugire, Jon Gurrutxaga&Keu Agirretxea, Josu Bergara eta Yogurinha Borova. Antolatzaileak sortzaile gehiagorekin harremanetan ari dira, beraz, litekeena da lagun gehiagok bat egitea.

Hitzordua 20:00etan izango da, eta sarrerak 19:00etatik aurrera jarriko dituzte salgai 10 eurotan.