Aste Nagusia 2017

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Bolinaga 2017ko uzt. 6a, 13:23

Argazkia: Txomin Barullo konpartsa

Garai batean izan zena orain beste zerbait da niretzat. Iruñeko Sanferminak eta Bilboko Aste Nagusia izan ditut gogokoen, lehenengoak udaldiko parranda garaiaren hasiera zirelako eta bigarrena azken ukitua ematen ziolako.

Bilboko URIOLAkoek denboraldi honetako azkeneko artikulorako Aste Nagusiari buruz idazteko eskatu didate. Uztaila da, Sanfermin bezpera, txupinazoaren atarian gaude. Festa unibertsal hori daukat orain buruan eta gogoan. Ez naiz hurbilduko Iruñera baina joango nintzateke gustura. Festazalea naiz errotik. Ez naiz hemen hasiko aitorezinak direnak publikoki azaleratzen baina zuen imajinazioari bide emateko esango dizuet Iruñeko bus geltokiko aulkiak benetan gogorrak zirela nire sorbaldarako, nahiz eta gazte-gaztea nintzen. Sanferminetan gaudela, Aste Nagusia hain urruti ikusita, Areatzako txosnetan burua jartzea kosta egiten zait. Horregatik, hasteko, oina aurkitzeko balio duen bideari heldu diot, neure buruari galdetu: zer da zuretzat Aste Nagusia?

Garai batean izan zena orain beste zerbait da niretzat. Iruñeko Sanferminak eta Bilboko Aste Nagusia izan ditut gogokoen, lehenengoak udaldiko parranda garaiaren hasiera zirelako eta bigarrena azken ukitua ematen ziolako. Unibertsitaterako itzulera iragartzen zigun Bilboko Aste Nagusiak: ikasturterako pisu bila hasteko unea, Gipuzkoako Goierritik Bizkairako joan etorrien hasiera, familia utzi eta igandera arte biltzeko garaia. Trantsizio hori egiteko modu hobeagorik! Aste Nagusia jaio berria zela ezagutu genuen guk, 1980. urtean. Donostiakoak ezagutzen genituen eta haien aldean biziagoak, herrikoiagoak, gure modukoagoak iruditu zitzaizkigun. Festa parte-hartzaileak. Txomin Barullon hasten genuen festa eta Txomin Barullon amaitu, handik mugitzen ote ginen zalantza ere badaukat. Txosnetako eskaintza konpletoa izaten zen: jatekoa, edatekoa eta zuzeneko kontzertuak, antzerkiak, ikuskizun apurtzaileenak. Modernitatea puri-purian.

Harrezkero bizi izan ditugu 1983koa, euriak ibaiaren kolorea hartu zuenekoa, lohia eta hondamendia Areatzan eta Zazpikaleetan gailendu zirenekoa; banderen gerrak eta indarkeriak festa nahia zapuztu zituztenekoa, Bilbo berrituak festa Areatzatik hirian zehar zabaldu zuenekoa… Gaur egun Bilboko Aste Nagusiak bi egun baino ez ditu niretzako: asteazkena, Plaza Barrian Salbatzaile dantza taldearen  derrigorrezko ikuskizuna dakarrelako; eta osteguna, lagunekin afaltzeko eguna. Festa aburgesatu egin zaigu adinean aurrera egin dugun heinean: afalosteko gin-tonicak kristalezko edalontzian egon behar du (ahal bada baloi-kopan), eta kontzertuetarako beti berandu gabiltza mahai inguruko tertulia luzatu egiten zaigulako behar baino gehiago. Hala ere, inoiz ez gara etxeratzen txosnen eremuan muturra sartu barik eta hantxe, Areatzaren hasieran, hantxe daukagu geurea: Txomin Barullo, beti gazte, beti bezain progre. Aurtengo Aste Nagusian ere bertan izango gara gure garaiko doinuak dantzatzen eta etxeratzean beste gau bat hasiko da guretzat, erlojuari begira joango dena, gaubelan, etxeko gazteen itzuleraren zain... Hori ere baita Aste Nagusia niretzat: buruhauste galanta!