Aurten Askapeña konpartsa internazionalistari egokitu zaio bere konpartsakideen artean txupinera hautatzea. Uribarriko Ane Ortiz Ballesteros (Bilbo, 1989) da pertsona aukeratua txaketa gorriz jantzita aurtengo Aste Nagusian konpartsak ordezkatzeko. Ogibidez Berdintasun Teknikaria eta Sexologoa da Ane.
2004an ere Askapeña konpartsari egokitu zitzaion txupinera hautatzea bere konpartsakideen artean. Orduan Begoña Benedicto izan zen aukeratua.
Pregoilari zereginetarako Jai Batzorde Mistoak mahai gainean zeuden proposamenen artean Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataforma hautatu du. Plataforma arduratuko da bere kideen artean lagun bat aukeratzeaz. Pertsona horrek Aste Nagusiari hasiera emango dion pregoia irakurri du eta, txaketa horiz jantzita, bilbotarrak ordezkatuko ditu jaiek irauten duten bederatzi egunetan.
Europara sartzeko mugetan migrazio politikek eragindako dramaren ondorioz mobilizatu ziren hainbat herritarrek sortu zuten Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataforma, errefuxiatuei elkartasuna adierazteko, migratzaileentzat bide ziurrak eskatzeko, eta gobernuei eta Europar Batasunari asilo politiken aldaketa exijitzeko, besteak beste. Lehen ekintza gisa 2016ko otsailaren 27an manifestazioa antolatu zuen plataformak Arriagatik Gobernuaren Ordezkaritzara eta handik Udaletxera. Egun gutxira, martxoan, hasi zen Europa mugak ixten. Harrezkero makina bat elkarretaratze –asterokoak urtebetez– eta salaketa ekimen burutu dituzte. Azpimarratzekoak dira 2016ko uztailean antolatu zuten Greziarako karabana eta aurtengo apirilean hiru egunez luzatu zen Ongi Etorri Gernika 1937-2017 ekimena. Aurtengo uztailean Mellirara joatekoak dira plataformako kideak. Mugak zabalduz karabana antolatu dute "Espainiako Estatuaren eta Europar Batasunaren migrazio politikak salatzeko". 110 pertsona irtengo dira Bilbotik.
Santutxuko jaietan ere Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataforma izendatu du auzoko jai batzordeak aurtengo pregoilari. Bi kidek –Luciak eta Martak– irakurriko dute jaiei hasiera emango dien pregoia bihar, uztailak 8.