Bilboko Udalaren diru-laguntza politika kritikatu du Ernaik

uriola.eus 2017ko uzt. 7a, 10:45

Bilbao BBK Live jaialdiari Udalak ematen dion diru-laguntza auzoetako jaietarako ematen duenarekin alderatu du, besteak beste, Ernai gazte erakundeak. 

Hainbat pankarta eskegi ditu hirian zehar Bilboko Ernai erakundeak egunotan. Kobetamendira, Bilbao BBK Live jaialdiko kontzertuen gunera igotzeko autobusak hartzen diren lekuan paratu du bat. Bertan "BBK Livera doazenentzat autobusa dohainik den bitartean", UPV/EHUko Leioako campuseko ikasleek "bidaiako 1'13na euro" ordaindu behar dutela salatzen du gazte erakundeak. 

LAB sindikatuak ere babestu du Ernairen kritika. "Autobusak dohainik eta metroko zerbitzu bereziak. Hauek dira gure agintarien lehentasunak", adierazi du mezu batean. "Garraio publiko justuagoa" baten defentsa egin du LABeko Metroko sailak. 

Beste pankarta batean Udalaren inbertsioen arteko desoreka nabarmentzen du Ernaik. "Lotsagarriatzat" jo du "PNV-PSEren Bilboko Udalak" diru-laguntzetan Bilbao BBK Live jaialdiari 1.400.000 euro ematea eta auzotako jai herrikoiei 1.500 euro. 

Egunotan bisitari eta turista askok zapaltzen dituzten Alde Zaharreko eta Indautxuko kaleetan Ernaik jarritako beste pankarta batzutan "This is not Spain nor France. Euskal Herriak independentzia" mezua irakur daiteke.