Bilboko haurreskolen kopurua handitzeko Aburtok eta Uriartek akordioa sinatu dute

uriola.eus 2017ko uzt. 7a, 09:56

Lau urtetan %26 igoko da plaza publikoen eskaintza, lau haurreskola zabaltzearekin batera: Sanchez Marcos, Zamakola, San Inazio eta Iruarteta. Bilbok 15 haurreskola eta 670 plaza izango ditu.

Bilboko Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak lankidetzako protokoloa sinatu dute gaur Bilbon 0 eta 2 urte bitarteko umeen zikloko haur-hezkuntzan sortuko diren plaza berrien funtzionamendua arautzeko. Juan Mari Aburto alkateak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak sinatu dute agiria Bilboko udaletxean.

Datozen urteotan, Bilboko Haurreskolek 670 plaza izango dituzte, 15 zentrotan banatuta. Gaur egun dauden plazekin alderatuta, % 26 gehiago eskainiko dira.

Herritarrek azaldutako beharrizanei erantzuna emateko asmo sendoarekin, Udalak eta Haurreskolak Partzuergoak gaur egungo haurreskolen eskaintza zabalduko dute eta uriko barruti guztietara helduko dira. Lau betearazpen dauzkate proiektuan, horietako bi eraikin berriak izango dira, Sanchez Marcos eta Iruarteta, eta beste biak zabalkundeak dira, Zamakola eta San Inazio.

Udalak dauka ikasgelak eta gainerako gelak eta aretoak eraikitzeko ardura eta hitzarmen honen bidez Haurreskolak Partzuergoari emango zaio horien kudeaketa. Lau haurreskola horiek irekitzen eta zabaltzen direnean, 139 plaza berri eskaini ahal izango dira Bilbon. Guztira, 670 plaza izango dira.

Lau haurreskola berri

Sanchez Marcos haurreskola berria izango da eta Abandoko 6. Barrutiari emango dio zerbitzua. Haurreskola eraikitzeko lanak bukatzen ari dira eta aurtengo irailean prest egongo da 0 eta 2 urte bitarteko umeak hartzeko. Haurreskola berria Juan M. Sanchez Marcos HLHIren ondoan dago.

Sanchez Marcos haurreskolak lau ikasgela eta 42 plaza edukiko ditu. 16 plaza 0 urteko umeentzako ikasgela bitan banatuko dira eta 26 plaza urtebeteko umeentzako beste ikasgela bietan. Ikasgela bakoitzak atsedenerako guneak eta haurren aldalekuak edukiko ditu, bai eta janaria prestatzeko guneak ere. zentroan sukaldea, jantokia, jolastokia eta abarrak izango dira. 2017ko irailean jarriko da abian.

Zamakola Haurreskolak Abusu-La Peña auzoari emango dio zerbitzua. Eraikin berri bat bukatzen ari dira eta eskaintzen diren plazak igoko dira. Haurreskola berri hau La Peña auzoko Zamakola Juan Delmas ikastetxe publikoaren ondoan dago eta 0 eta 2 urte bitarteko umeentzako plazak bikoiztuko ditu; gainera, patio berria, sukaldea eta jantokia izango ditu. 21 plaza edukitzetik 42ra igaroko da. Aurtengo irailean hasiko da auzoan zerbitzua ematen.

San Inazio Haurreskolan, 1. barrutian, eraikina zabaltzen ari dira eta 34 plaza berri egokituko dira; hortaz, guztira 97 plaza izango dira. Gaur egungo hiru ikasgela daude 0 eta urtebete bitarteko 24 ume hartzeko eta beste hiru ikasgela urtebete eta bi urte bitarteko 39 umerentzat. Urtearen amaieran eraikina handitzeko lanak bukatuko dira eta ikasgela berriak 2018ko urtarrilean izango dira erabilgarri.

Iruarteta HLHIan eraikin berri bat egingo da instalazioak hobetzeko. Lan horien bidez Iruarteta Haurreskola izango den espazioa prestatuko da. Ibaiondoko barrutiak 42 plaza berri izango ditu lau ikasgela berritan. Horietako bi 0 eta urtebete bitarteko umeentzat eta beste bi urtebete eta bi urte bitarteko umeentzat. Eraikuntza-lanak 2020ko udan bukatuko direla aurreikusten da.

Une honetan 13 haurreskola daude Bilboko zortzi barrutietan banatuta, eta 531 plaza eskaintzen dira. Horietatik 170 0 eta urtebete bitarteko umeentzat eta 361 urtebete eta bi urte bitarteko umeentzat dira.

Datorren ikasturtean Sanchez Marcos Haurreskola berria eta Zamakola eta San Inazioko zabalkundeak gehituko dira. Haurreskolak Partzuergoaren barruan sartuko dira, Partzuergoak baitauka zentro horiek kudeatzeko ardura. Hortaz, 2017-2018 ikasturtean Bilbok 14 haurreskola izango ditu. Iruarteta 2020an gehitzen denean, Bilbon 15 haurreskola egongo dira.

Gaur sinatuko den hitzarmenaren bidez, Bilbon seme-alabak dauzkaten familientzat haur-hezkuntzako plaza berriak sortzeko lankidetzaren ildoak zehaztuko dira. Lehendik dagoen ikastetxe batean sartzea sustatuko da; horrela, 0 eta 2 urte bitarteko zikloa eta ondorengo zikloak eta etapak modu pedagogikoan koordinatuko dira eta jarraitutasuna eta koherentzia emango zaio ibilbideari, garapen eta ikaskuntza hobe baterako. Gainera, lehendik dauden haurreskolen kudeaketaren hobekuntzan jarraitzen da. Era berean, erakunde bien helburua da Haurreskolen eskaintza hobetzea eta lehentasuna emango zaio haurreskolen sarea zabaltzeari.