David, ostegun gauean, 00:30 aldera, lagunekin taberna baten kanpoaldean afaltzen zegoela polizia alemaniarrak atxilo eraman zuen. Bere lagunek azpimarratu dute "David ez dutela inolako gertakari zein mobilizazioetan gatibu hartu, liskar guneetatik kanpo baizik, lagunekin afaltzen zegoelarik".
Gogor salatu dute G20aren bilkura dela eta, bai poliziaren jarrera bai eskubideen urraketa: "Alemaniako gobernuak, salbuespen legedia indarrean jarri eta zuzenbidezko estatua delako hori indargabetu izanak, poliziaren inpunitatea hauspotu eta eskubide zibil eta politiko ororen desagerpena dakarrenez de fakto, bertatik datozkigun albisteak murritzak dira".
David atxilotu eta 16 bat ordura, komisaldegitik epaile baten aurrera eraman zuten. Bertan, ez zuen abokaturik izan bere ondoan, eta epaileak atxiloaldia luzatzeko erabakia hartu zuen. David, zegoen komisaldegitik Jva Billwerder espetxera eraman zutelarik.
Egun, David eta Hanburgon atxiloturiko gainontzeko kideak "ziurgabetasun eta babes juridikorik gabeko egoera kafkiano batean" aurkitzen direla salatu dute Hamburgon daudne euskal iturriek. "Alemaniar estatuaren gatibu izanik, babesgabetasuna da haien egoera juridikoaren adierazle nagusiena".
Bertako abokatuek esan dutenaren arabera, Daviden atxiloaldia luzatzeak, "instrukzio epea luzatzeko logikan kokaturik dago", halaber, gaur da eguna non, abokatuek Davidi leporatzen dioten gertakarien berririk ez daukatela.
Beraz, ezin jakin daiteke bertan atxiloturiko lagunekin zer gertatuko den. Daviden kasuan, abokatuek gaur, astelehena, epaiketa azkarra egiteko instantzia sartuko du epaitegian eta, aipaturiko salbuespen legediak direla eta, epaileak 15 egunetako epea edukiko du instantzia horri erantzuteko. Baina badute aukera ere, 15 egun horiek denboran luzatzeko.
Errealitatea hau izanik, Daviden egoera "erabat kezkagarria" da. Hanburgotik adierazi dutenez, egoerak, aukera desberdinak zabaldu ditzake; bat, David egun hauetan zehar askatzea. Bi, abokatuak instantzia jarri eta 15 egun horien bueltan epaiketa burutzea. Hiru, atxiloaldiaren denbora luzatzea eta epaiketa azkarra burutzea eta azkenik, epaiketa burutu ostean espetxe zigorra ezartzea.
Lehenik eta behin, "poliziaren inpunitatea salatzeaz gain, Davidek konfiantzazko abokatuarekin egoteko eskubidearen ukapena" salatu dute. Hori dela eta, ezinezkoa gertatu zaie euskal ekintzaileei Davidekin harremanetan jartzea. Alemaniako Gobernuak salbuespen legedia aplikatu izanak, "David eta bertan atxiloturik dauden gainontzeko lagunen eskubide zibilak ukatu izanak, ziurgabetasun egoera larri baten aurrean kokatu ditu".
Honekin batera, David eta gainontzeko atxilotuen askatasuna eskatu dute, bertan "borrokan dauden kidego guztiari gure babesa eta elkartasun internazionalista helaraztearekin batera".
Gaur, San Inazion
Levante plazan, kontzentrazioa deitu du Sortu alderdiak gaur, astelehenea, 19:30ean, G20 ez! Sistema kapitalista suntsitu! David askatu! lelopean. Ondoren, 20:00etan salaketa auzo-bira egitekoak dira.