Euskaraz hitz egiteko lekuak etiketatu eta irabazi sariak

uriola.eus 2017ko uzt. 10a, 07:34

Uda iritsi da, eta, harekin batera, herrietako jaiak eta ondo merezitako oporrak. Eta, edonon gaudela ere, euskaraz hitz egiten jarraituko dugunez, '11 lekutan Mintzatu!' lehiaketa antolatu du Azkue Fundazioak, udan zehar Mintzatu aplikazioaren erabilera sustatu eta euskaraz hitz egiten diren tokiei buruzko informazioaren zabalkundea egiten jarraitzeko.

Lehiaketak 11 aste iraungo du, uztailaren 10etik irailaren 24ra arte.

Helburuak asko dira: euskaraz hitz egitea; gure hizkuntzak sarean duen presentzia areagotzea; Mintzatu aplikazioaren erabilera sustatzea; euskaraz hitz egiten den leku berri gehiago etiketatzea; eta toki horiei buruzko informazioaren zabalkundea egitea.

Hiru irabazle egongo dira, eta sari berdinak jasoko dituzte denek: sakelako telefonoarekin argazkiak eta bideoak egiteko produktu-sorta (tripodea, objektiboak, euste-pieza…).

Irabazleak

1. Mintzatu aplikazioan leku berri gehien sartzen dituena. 

2. Mintzatu aplikazioan bere burua leku ezberdin kopuru handienean etiketatzen duena.

3. Mintzatu aplikazioan hamaika leku berri azkarren etiketatzen dituena.

Mundu osoko lekuak etiketatu ahalko dira. Parte-hartzaile bakoitzak erabakiko du noiz parte hartu: lehiaketak irauten duen hamaika asteetan zehar edozein unetan parte har daiteke, eta parte-hartzaile bakoitzak nahi beste leku identifika ditzake Mintzatun. Ez dago mugarik!

Oinarriak hemen.