Iñigo Cabacasen senideen abokatuak ordezkatzen duen akusazio partikularrak eskatuta zuen jada ahozko epaiketaren irekiera, eta Ana Torres epaileak horixe erabaki zuen joan den ostiralean, nahiz hurrengo astelehenean, hilak 10, bere erabaki batzuren aurka Cabas auziko aldeek aurkeztutako helegiteak eztabaidatzeari ekitekoak ziren Bizkaiko Auzitegiko Seigarren Sailean. Ezohiko egoera gertatu da auzi prozesuko instantziek bat egitean. Azken hitza Probintzia Auzitegiak du, eta helegiteei emango dieten erantzunaren arabera erabakiko da epaiketa egitea edo auzia artxibatzea.
Cabacas-Lizeranzu familiaren abokatuak akusazio idazkia aurkeztu ondoren, ahozko epaiketa abiarazi beharrean aurkitu da Ana Torres epailea. Zentzu horretan, 3389 zenbakidun karneta duen ofiziala eta 5351 eta 1283 zenbakidun azpiofizial biren aurkako ahozko epaiketaren hasiera agindu du, "zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa egitea" leporatuta. 2012ko apirilaren 5ean Iñigo Cabacasek pilotakada jaso zuen lekuan bertan aginterik handiena zuen ofiziala eta furgoneta banaren ardura zuten ertzain bi dira auziperatuak.
Iñigo Cabacasen senideen abokatu Jone Gorizelaiak launa urteko kartzela zigorra eskatu du hiru ertzainentzat, seina urteko gaitasungabetzea eta Cabacasen gurasoenganako urruntze agindua zigorra bete bitartean. Goirizelaiak hiru agente gahiago epaitzeko ere eskatu du aurkeztutako helegitean, hain zuzen, instrukzioan zehar pilotak jaurti zituztela aitortu zuten agenteak. Aurretiaz, epaileak eskaria baztertu egin zuen Cabacas jo zuen pilotaren jaurtitzailea zein izan zen ziurtatzea ezinezkotzat jo eta gero.
Auziperatutako hiru ertzainen defentsak eta Pilar Gimenez fiskalak berriz auziaren artxibatzea eskatu dute beren helegiteetan "instrukzio zabal eta zehatzean zehar ahaleginak egin arren, ezin izan delako zehaztu zein agentek materialki bukatu zuen Iñigo Cabacasen bizitzarekin".