Inteligencias Colectivas taldeak Azkuna Zentroan 2016an eta 2017an zehar kolektibo egoiliar bezala egindako proposamena da IC AZ / Bilbao Commons izenekoa.
Bilbao Commons hiri kolektibo adimendunaren prototipo esperimentala da. “Bilboko hiritarrengan oinarritutako hiri bat nolakoa izango litzatekeen irudikatu, asmatu, desiratu, eraiki eta praktikan jartzeko espazioa”, arduradunen hitzetan.
Azpiegitura partekatua da Bilbao Commons, “elkarrizketa bideratzen baitu Azkuna Zentroa, Bilbo hiria eta bertako ekimenen artean”. 2017ko udazkenean zehar Santutxuko gune publiko batean instalatuko dute azpiegitura, eta “elkar topatzeko, erakusketak egiteko eta ekintza urbanorako leku bihurtuko da”. Bere baitan hartuko ditu Inteligencias Colectivasen, Azkuna Zentroaren eta Santutxu nahiz Bilboko ekimen auto-antolatuen jarduerak.
Deialdi honen bitartez, gonbidapena luzatu zaie Santutxu eta Bilboko tokiko eragileei jarduerak proposa ditzaten #BilbaoCommonsen 2017ko irailaren 18tik urriaren 16ra arte Karmelo plazan izango den epealdian zehar egiteko.
Helburuak
Esperimentatzeko eta hiri adimendun prototipo bihurtzeko espazioa sortzea dute helburu, hiriko hainbat eragileren parte hartzearekin: Santutxuko herritarrak, auzoko ekimenak, ekimen kulturalak, Bilboko herritarrak, Azkuna Zentroa, Bilboko Udala...
Kultura eta hiria eratzen duten Santutxuko ekimen auto-antolatuak bistaratzea da beste helburuetako bat; Santutxuko gune publikoan Bilboko beste auzo batzuetako ekimenen aberastasun kulturala ere bistaratzea.
Horretarako hainbat eratako jendeari zuzendutako programazio askotarikoa sortu nahi dute, arreta eskainiko diena hainbat eratako adin, interes, kultura-identitate eta bestelakoei.
Santutxun eta Bilbo osoan ezaugarri desberdineko ekimenen artean lankidetza bideratzea izango dute oinarri, kalitateko sinergiak eta eduki kultural, artistiko eta hiritarrak sortzeko asmoz.
Finean, “Santutxun espazio publikoaren erabilera eta diseinuari buruz behin eta berriz gogoeta egin eta esperimentatzea, era berritzailean erabiliz eta sortuz espazioak, egoteko, ikasteko eta jakintzak trukatzeko”.
Besteak beste, “administrazioa eta herritarren artean zubiak eraikitzeko, ahaleginduz haien artean lankidetza prototipoak gauzatzen eta komunikazio kanalak sortzen”.
Jardueraren ezaugarriak
Neurri txikiko jarduerak egitea proposatu du Inteligencias Colectivas taldeak. “Haietan espazio publikoari dagokion balioa emango zaio elkartzeko gune bezala, baina, batik bat, jakintza trukatzeko eta hiria sortzeko gune bezala”.
Hona hemen jarduera horietako batzuen adibideak:
· Auto-antolatutako taldeek sustatutako jarduerak edota jendeak parte hartzeko irekitako ekimen kulturalek sustatutakoak (marrazketa kolektiboa, jam saioak, jolas kolektiboak, eta abar).
· Hitzaldiak, eztabaidak, liburuen aurkezpenak, proiektuak, ekimenak edota jarduerak.
· Tailer kolektiboak irakurtzea, idaztea, dantza, musika, bideo-jokoak, artisautza eta abarren inguruan.
· Erakusketak dantza, antzerkia, poesia, performancea edo neurri txikiko musika kontzertuekin.
· Talde kultural edota hiritarren bilera soziokulturalak.
Espazio publikoa erabiltzeko araudia dela eta, mugatu egingo dira sua erabiltzen duten jarduerak eta diru-trukeko jarduerak egiteko gaitasuna. Horrez gain, ez dira onartuko baztertzaileak edo iraingarriak izan daitezkeen ekintzak.
Nork har dezake parte?
#BilbaoCommons proiektu hiritarra eta parte hartzailea izanik, deialdia irekia da, eta, oro har, honako hauei: ekimen kultural eta auzotarrak, artista eta bitarteko kulturalak, batez ere Santutxun bertan bizi direnak; Bilboko beste auzo eta barruti batzuetan bizi diren ekimen kultural eta auzotarrak, artista eta bitarteko kulturalak.
Baliabide ekonomikoak
Jarduera gauzatzeko baliabide ekonomikoak eskatzen dituzten ekimenek memoria eta aurrekontu labur bat aurkeztu beharko dute. Eskura dauden baliabideak 250 eurokoak izango dira gehienez; laguntza ekonomikoak aurrekontuaren mugara bitartean emango dira.
Epeak
Laguntza teknikoa edota ekonomikoa eskatzen duten jarduerak gauzatzeko izena emateko epea 2017ko ekainaren 23tik uztailaren 19ra bitartekoa da.
Laguntza tekniko edota ekonomikorik eskatzen ez duten jarduerentzako izena emateko epea ekainaren 23tik jarduera egiteko proposatutako eguna baino astebete lehenagora artekoa izango da.
www.inteligenciascolectivas.org