Aste Nagusia 2017

Nati Ovelleiro izendatu dute aurtengo Aste Nagusiko pregoilari

uriola.eus 2017ko uzt. 12a, 12:09

Nati Ovelleiro Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea, irakaslea eta STEILAS sindikatuko langilea da. Txupinera Ane Ortiz Ballesteros izendatu dute, Askapeña konpartsa internazionalistako kidea. Biak Bilboko jaiei hasiera emateaz arduratuko dira abuztuaren 19an.

Nati Ovelleiro Sacristan izango da, Bilboko Udalaren Jai Batzorde Mistoak joan den astean 2017ko Aste Nagusiko pregoilari ofizialtzat aukeratu zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren ordezkari gisa, abuztuaren 19an, larunbata, Bilboko jaiei hasiera emateko pregoia irakurtzeaz arduratuko dena.

Deustun 1965ean jaioa eta Ibarrekolandako auzokidea, Nati Ovelleiro irakasle dabil Bilboko ikastetxe batean eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da, 2016ko otsailean sortu zenez geroztik. Gainera, STEILAS sindikatuko langilea da Nati. Sektore guztietako 100 bat elkarte eta banakako hainbat herritar biltzen dituen plataforma hau errefuxiatuek eta migratzaileek pairatzen dituzten giza-eskubideen urraketa larriei aurre egiteko eratu zen, herriak eta hiriak harrera-leku bihurtzeko asmoz.

Bestalde, Bilboko Konpartsek Askapeña konpartsako Ane Ortiz Ballesteros izendatu dute Aste Nagusiko Txupinera izateko. Bilbon 1989an jaioa eta Uribarri auzoan hazia, Ane Ortizek berdintasuneko teknikari eta sexologo gisa lan egiten du. Hauxe arduratuko da 2017ko Aste Nagusiaren hasierako txupina jaurtikitzeaz, Arriaga Antzokiko balkoian.