Peter Pan, pertsona arruntak eta 'Grease' Arriaga plazako sesio hirukoitzean

uriola.eus 2017ko uzt. 13a, 10:04

'Sing-Along: Grease' ikuskizuna

Gaur ekingo diote 'Udan zinea zure auzoan' programaren baitan filmak aire zabalean proiektatzeari Bilboko hainbat txokotan. Hasteko emanaldi hirukoitza eskainiko dute Arriaga plazan: Pan: sekula betirako lurraldera bidaia, Requisitos para ser una persona normal eta Grease.

Umeei zuzendutako Pan: Sekuka betirako lurralde bidaia filmarekin hasiko da gaur 19:00etan Arriaga plazako saio hirukoitza. Peter Panen abentura berriak euskaraz, gaztelaniazko azpi-tituluekin eskainiko dira. Film emanaldiek animazioa izango dute, saioak erakargarriagoak izan daitezen umeentzat. Animazioa, umeei eta familiei bereziki zuzendutako lau fimetan izango da.

Gaueko 21:00etan Leticia Doleraren Requisitos para ser una persona normal (2015) eskainiko da, eta gaueko 22:30etik aurrera ikus-entzuleek Sing-Along: Grease ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute, filmak eskaintzeko formatu berria. Formatu horretan, animatzaileek koreografiak eta letrak irakatsiko dizkiete ikus-entzuleei, eta filma eskaintzen ari den bitartean bertako kantak abestuko dituzte. Grease mitikoa pantaila handian berriro ikusteko aukera izateaz gain, ikus-entzuleek filmeko abestiak kantatzeko esperientziaz gozatu ahal izango dute.

Ostiraleko saioa ere Arriaga plazan izango da, eta umeei zuzendutako Koko, dragoi txikia filmarekin hasiko da. Ondoren, Ines Parisen La noche que mi madre mató a mi padre eta Wachowski ahizpen Jupiter Ascending” eskainiko dira. Bigarren ekoizpen lan handi horren parte bat Bilbon errodatu zen, eta ikus-entzuleek aire librean ikusteko aukera izango dute.

Ohikoa denez, emanaldi guztiak gaueko 21:30ean hasiko dira, eta aurretik, orain denbora gutxi egindako euskal film labur bat eskainiko da. Izan ere, pantaila handian eta kalean film labur arrakastatsuak eskaintzeaz gain, ekimenak euskal zinegile berrien lana ezagutarazteko plataforma ere izan nahi du. Zinegile horien artean egongo dira Aitor Gutierrez, Javier Prieto, Jose Mari Goenaga, Kepa Sojo, Alberto Vazquez, Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi edota David Caiña, besteak beste.

2015ean martxan jarri zen programaren xedea auzoetako kultur eskaintza zabaltzea da, udako jardueren bitartez, familia osoak kaleaz goza dezan. Ekimenaren barruan zazpi saio eskainiko dira, Arangoitiko eskolan (uztailaren 19an), Otxarkoagako Ugarte plazan (uztailaren 20an), Altamirako pilotalekuan (uztailaren 27an), Zurbaranbarriko Iturriondo plazan (abuztuaren 2an), Miribillan (abuztuaren 3an), Iralako Kirikiño Etorkibideko plazan (abuztuaren 9), eta Santutxuko Karmelo plazan (abuztuaren 10ean).

Programazioak euskal ekoizpen-lanak, estatuko beste batzuk eta nazioarteko arrakasta handiak jasotzen ditu, ikus-entzuleek pantaila handian, izarren azpian, goza ditzaten. Programatu diren izenburuen artean zenbait lan klasiko handi azpimarra daitezke, Una noche en la ópera, adibidez, eta baita istorio handiak, Eduardo Manostijeras, besteak beste, eta zenbait lan berri, Star Wars: El despertar de la fuerza, Perdiendo el norte, edota batik bat umeei zuzendutakoak, El libro de la selva eta Zipi eta Zape, eta kapitainaren irla, besteak beste.

 

Helduentzat soilik

Arriaga plazakoez gain, beste bi saio berezi programatu dira, horiek soilik helduentzat zuzendutakoak. Lehenengoa Casilda Iturrizar Parkean izango da, uztailaren 26an, Rocky the Horror Picture Show lanarekin. Filma, festa handia izango den ikuskizunerako fondoa izango da. Berez ere harribitxia den filmak bizia hartuko du, musika numeroetan pertsonaiek pantailatik jauzi egiten dutenean eta ikus-entzuleek festan parte hartze aktiboa izateko gonbidapena jasotzen dutenean. Bertan abestu, dantzan egin eta pantailari oihu egingo zaio.

 

Amaiera Artxandako patinaje pistan 

Berrikuntza gisa, edizio honetako azken emanaldia Artxandako patinaje pistan eskainiko da, abuztuaren 11n, maratoi bereziarekin, hori ere 18 urtetik gorakoentzat eta Bilboko beldurrezko zineari eskainitakoa. Saio horretan Haritz Zubillagaren eta Roberto San Sebastianen zenbait film labur eskainiko dira, eta, ondoren, bi egile horien lehenengo film luzeak, El ataúd de Cristal eta La noche del virgen. Film biak FANTeko azken edizioko sekzio ofizialetik igaro ziren. Festa arratsaldeko 20:30ean hasiko da. Bertara joateko eta Bilbora itzuli ahal izateko, garraio publiko zerbitzua egongo da goizaldeko 03:00ak arte.

 

[2017-07-10] Zinema auzoetara bueltatuko da uda honetan doako hainbat proiekziorekin