Bilbon euskararen kaleko erabilerak behera egin du 3.2 puntutik 2.5ra azken hamabost urteetan

uriola.eus 2017ko uzt. 13a, 10:22

Soziolinguistika Klusterrak 2016. urtean egindako Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale-Neurketak jasotako datuen arabera 0,7 puntu jaitsi da euskararen kaleko erabilera urian. Bilbon gaztelania ez den beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen dira.

Soziolinguistika Klusterrak 2016. urtean egindako Hizkuntzen Erabileraren VII. Kale-Neurketaren arabera, Bilbon azken hamabost urteotan behera egin du euskararen erabilerak 3.2 puntutik 2.5 puntutara. Datuak aztertuta, Bainonan zein Bilbon gaztelania eta frantsesa ez den beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen dira.

Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketaren zuzendaria den Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariaren esanetan, ingurune sozialak guztiz baldintzatzen du erabilera. Euskararen gaitasuna eta eremu soziala elkar lotuta daudela adierazi du "zenbat eta ingurune sozial aldekoagoa, orduan eta hiztun gaituagoak". Eremu geografiko gehienetan euskarak bizitza sozialean "sarbide urria" duela gaineratu du, "eremu horietako hiztunek dituzte zailtasunik handienak euskaraz aritzeko". Taldearen babesik gabe, norbanakoek euskaraz bizitzeko "hautu kontzientea eta nekeza egin behar dute" aitortu du. Baldintza sozial egokiak sortzea funtsezkotzat jo du, "onarpena eta babesa sentitzea".

Euskal herriko datuak

2016ko udazkenean burututako kale-neurketan euskararen erabilera %12,6koa izan da; gaztelaniaren erabilera %76,4koa, frantsesaren erabilera %8,3koa eta beste hizkuntzen erabilera %2,7koa. Beste hizkuntzen kale-erabilerak azken bost urteotan behera egin du, eta duela hamar urte jasotako erabilera- maila bera jaso du ikerketak. Hala, bosturteko honetan euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren hizkuntzen erabilera %3,7tik %2,7ra igaro da.

Ikerketaren ondorioak

Euskararen kale-erabilera apaldu egin da Euskal Herrian azken hamar urteetan. Beste hizkuntzen kale-erabilerak azken bost urteetan ere behera egin du. Halaber, argi-itzalak daude lurraldeka, euskararen kale-erabileraren bilakaerari dagokionez: Bizkaian azken hamar urteetan behera egun du, Gipuzkoan azken bosturtekoan euskarak atzerakada izan du. Araban, eta batez ere Nafarroan, erabilerak gora egin du azken bost urtean eta Ipar Euskal Herrian, bestalde, inoizko erabilera-indizerik baxuena jaso du.

Euskararen ezagutzaren araberako eremuetako euskararen kale-erabileraren bilakaerari dagokionez, Hego Euskal Herrian azken bost urtean, ezagutza gutxiagoko eremuetan mantendu da eta ezagutza gehiagokoetan atzera atzera egin du. Ipar Euskal Herrian, ordea, azken bost urtean ezagutza gutxiagoko eremuetan jaitsi egin da erabilera eta Nafarroa Behereko eta Zuberoako ezagutza altueneko eremuan, aldiz, gora.

Hiriburuetako euskararen kale-erabileraren bilakaerek beren lurraldeetako joera bera izan dute, Iruñean izan ezik:

  • Bilbo: azken hamabost urteotan behera egin du.
  • Iruñea: bere horretan dago 1997tik.
  • Gasteiz: igoerarik nabarmenena izan du azken bost urtean.
  • Donostia: azken hamar urteotan atzera egiten ari da.
  • Baiona: apaldu egin da 2011tik, eta gaur egun, gaztelaniaren erabileraren bezainbestekoa da euskararena.

Euskal Herrian, zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara. Izan ere, 27 urteko bilakaeran (1989-2016), haurren, gazteen eta helduen erabilerak gora egin du. Adinekoen erabilerak, berriz, etengabeko beherakada izan du. Hala ere, azken hamar urteotan adin-talde guztietan atzerakada gertatu da.

Bestalde, emakumezko, haur, gazte eta helduek euskara gehiago erabiltzen dute eta horren portaera errepikatua da azken hiru edizioetan lurralde guztietan.

Haurren presentzia eragin handiko aldagaia da euskararen kale-erabileran, eta erabilera daturik altuenak haurrak eta nagusiak elkarrekin daudenean jasotzen dira. Hala ere, erabilera daturik baxuenak nagusiak haurren presentziarik gabe ari direla jaso dituzte. 

Euskal Herrian, azken hamar urtean, haurren arteko euskararen erabilerak jaitsiera izan du. Nabarmentzekoa da Ipar Euskal Herriko haurren arteko euskararen erabilera 2,5 puntuan igo izana azken hamar urteetan.

www.soziolinguistika.eus/kaleneurketaeh