Bilboko Udalak eta Minbiziaren aurkako Elkarteak bat egin dute berriro neskato-mutikoei eguzkitik zelan babestu behar duten irakasteko eta eguzkitan luzaroan edota neurririk hartu gabe egoteak dakartzan arriskuez ohartarazteko.
Ekimena 2016an sortu zen erakunde biek hitzarmena sinatu zutenean eta udalaren eguneko udalekuetan gauzatu izan da; izan ere, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkarteak Bizkaian duen ordezkaritza bat udalekuetara joan da umeei informazio-hitzaldi labur bat emateko eta melaninaren probak egiteko.
Jardueren, jolasen eta denbora-pasen bidez, 6 eta 12 urte bitarteko neskato-mutikoei irakatsi nahi zaie zein garrantzitsua den izpi ultramoreetatik behar bezala babestea. Lorenzo eta Jam sugandila pertsonaiek gidatuko dituzte umeak eguzkitan gaudenean egin behar dugunari eta egin behar ez dugunari buruzko probetan eta galderetan.
Txurdinagako eta Errekaldeko udal kiroldegietan egingo da jarduera hau; koaderno didaktikoez gain, eguzkitik babesteko beste material batzuk ere erabiliko dira: kremak, eguzkitako betaurrekoak, ur-botilak eta abar.
Lelokeriarik ez, babestu zaitez! leloa baliatuta, aholku hauek ere emango zaizkie umeei:
- Ez ahaztu eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 4:00etara itzal ederrean egotea.
- Babes handiko kremak erabili eguzkitan egon baino 30 minutu lehenago eta 2 orduro.
- Garrantzitsua da zure begiak betaurrekoekin babestea.
- Erabil itzazu eguzkitakoak, txapelak, kamisetak…eguzkitan jartzen zaren bakoitzean.
- Ez ahaztu zeure burua babestea aire zabaleko ekintzak egitean.
- Saihestu denbora luzean eguzkitan egotea.
- Ura edan maiz. Gorputz-azala ongi hidratatuz gero, horrek berak babestuko zaitu eguzki izpietatik.