50.600 m2-ko Euskal Encounter topaketa "ahaztezina" antolatu dute aurten

uriola.eus 2017ko uzt. 19a, 09:14

Errealitate birtuala, 360ºko zinema, 3Dko inprimagailuak eta dronea protagonista izango dira BECen ospatzen den teknologia berrien topagunean. Aurten 38 hitzaldi eta tailer antolatu dituzte hainbat gairen inguruan.

Euskal Encounter topaketak uztailaren 22 eta 25 bitartean ospatuko du BECn bere 25. edizioa. Aurtengoa "ahaztezina" izan dadin egitarau oparoa prestatu dute adierazi dutenez. Aurten, 5.024 ordenagailurako plaza egongo da eta jaiaren gunea ere handituko dute: 50.600 metro koadroko espazioa, aurreko urteetako azalera baino %30 handiagoa

Informatikaren eta teknologia berrien arloetako profesional eta zaleen topaketa jendetsua Estatuko handiena eta beteranoena dela adierazi dute antolatzaileek. Oraingo edizioan, berritasunak berritasun, hirugarren pabiloi bat zabalduko dute beste bi jarduera-arlo jasotzeko. Batetik, droneen zirkuitua izango da, eta gailu horiek fabrikatzen eta erabiltzen ikasteko saioak eskainiko dituzte, baita lasterketak ere. Auto elektrikoen gunean, aldiz, gazteek elektronikari, informatikari eta aerodinamikari buruzko ezagutzak eskuratuko dituzte euren kotxeak ekoitziz.

Nerea Lupardo Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendari eta Euskaltel Konekta fundazioko buruak adierazi duenez, bilkura hau Euskaltelen gaitasun teknologikoen erakusleiho onena bilakatu da. Izan ere, azken 25 urteotan hobekuntza handiak izan dira konexio-abiaduran. Partaidetzak izugarri egin duela gora gehitu du. 

Egitarau oparoa

Aurtengo bisitariek inoiz baino ekintza gehiago izango dituzte aukeran Opengunean, publikoari irekitako doako zonan. Errealitate birtualeko azken aurrerapenak ezagutu ahal izango dituzte, baita irudiak 360ºtan proiektatzen dituen zinema esferiko batean murgiltzeko esperientziaz gozatu ere.

Gainera, euren diseinuak 3D inprimagailuetan inprimatu ahal izango dituzte, eta bideo-jokoen txapelketa amateurretan parte hartu. Azken belaunaldiko produktu teknologikoen salmenta eta informazio standak ere egongo dira.

Aurten 38 hitzaldi eta tailer antolatu dituzte, gai anitzen inguruan: segurtasun informatikoa, robotika, programazioa, web garapena, sormen digitala eta marketina, besteak beste.