Aste Nagusia 2017

Abuztuaren 23an Morat taldeak Europa parkeko agertokia piztuko du

uriola.eus 2017ko uzt. 19a, 12:33

Abuztuaren 23tik 26ra arte Europa Parkea publiko gaztearen topalekua izango da. Morat taldeak, Radio Maxima, Megastar FM irratiko DJek antolatutako Adi Bilbao ikuskizuna eta Green Valley bandak programazioa osatuko dute.

Aste Nagusiak publiko gaztearentzat zuzendutako musika-eskaintza zabala izango du Europa Parkean. Txurdinagako auzoan kokaturik dagoen 10.000 m2-ko agertoki honetan azken aldian modan dauden abestiak entzuteko aukera izango dugu. Izan ere, Morat laukoteak, Radio Máxima, Megastar FM irratiko DJ-ek antolatutako ‘Adi Bilbao’ ikuskizuna eta Green Valley taldearen abestiak auzoa piztuko baitute. Kontzertuak, abuztuaren 23tik 26ra arte doakoak izango dira eta 24:00etan hasiko dute.

Abuztuaren 23an, asteazkena, Morat talde kolonbiarrak kontzertuen programa hasiko du. 2015ean jaio zen Pop Folk estiloak uztartzen dituen banda, eta urte berean, ezagutzera eman zen Paulina Rubio artistarekin elkarlanean burututako mi nuevo vicio abestiarekin. Como te atreves abestiak, berriz, salmenta kopuru guztiak hautsi zituen eta ospea nazioarte mailan eman zien. Taldeak, 2016an, Artista Berri Onena izendapena jaso zuen Grammy Sarietan eta Los 40 Music Awards-etan Artista Berrien saria irabazi zuen. Sobre el Amor y sus Efectos Secundarios… y unas cuantas cosas más lanarekin Urrezko Diskoa lortu ondoren, laukoteak Estatuan burutuko duen bira hasi berri du eta Aste Nagusia izango du, hain zuzen, geraleku.

Abuztuaren 24an, aldiz, Radio Maximak Aste Nagusi Dance ikuskizuna ekarriko du. Maxima FM irratiko DJek jarriko dituzten abestiak publiko gaztea dantzan jarriko dute. Erritmo biziak eta freskoak udako gaua pizteko.

Abuztuaren 25ean, ostirala, Megastar FM irratiko DJek Adi Bilbao saioa eskainiko dute. Abesti berrienak eta doinu techno-house onena Europa Parkean izango da Nagusi.

Azkenik, abuztuaren 26an, 24:00etan, Aste Nagusian lehen aldiz izango den Green Valley taldea ikusteko aukera izango dugu. Reggae musika Dancehall doinuekin uztartuko du jatorri euskalduna eta katalana duen banda honek. Gainera, euren letrek mezu positiboak zabaltzeaz gain, publiko gaztea kantan jarriko dute.

Hona hemen kontzertuen programaren laburpena:

Asteazkena 23 - MORAT

Osteguna 24 - ASTE NAGUSI DANCE. RADIO MÁXIMA

Ostirala 25 - MEGASTAR FM-ren ADI BILBAO saioa.

Larunbata 26 - GREEN VALLEY