Una Ria con Duende jaialdi flamenkoaren izen-emate epea zabalik da

uriola.eus 2017ko uzt. 19a, 14:10

Gitarra, txalo, konpas, dantza eta kantean aritzeko tailerrak eskainiko dira irailean bide izango duen festibalean. Salva del Real, Ezequiel Benitez eta Soledad Ruz ibilbide luzeko artistek bat egingo dute. Matrikula abuztuaren 15era arte irekita egongo da.

Bilboko Udalak zabaldu du jada Kultura Sailak antolatutako Una Ria con Duende 2017 topaketa flamenkoen gitarra, txalo eta konpas, kante eta dantza flamenko tailerretan parte hartzeko izena emateko epea. Jardunaldiak irailean izango dira, eta prestakuntza eskaintza horrez gain, hilabete horretako larunbat guztietan zuzeneko emanaldiak eskainiko dira Ibaiondoko barrutiko zenbait agertokitan.

Aurten maila ertaineko tailerrez gain, maila aurreratuko ikastaroak ere programatu dira, jaialdi flamenkoa dela eta ibilbide luzeko artistak gure Hirian daudela baliatuz, Salva del Real, Ezequiel Benitez eta Soledad Ruz, besteak beste. Prestakuntza, tailerretan hainbat urtez parte hartu duten eta diziplina horietakoren batean euren prestakuntzan beste pauso bat eman nahi duten pertsonei dago zuzenduta.

Tailer horietakoren batean parte hartzeko interesa duten pertsonek abuztuaren 15era arte eman ahal izango dute izena, www.bilbao.eus udal webgunearen bitartez edo herritarren arretarako 010 telefono zenbakira deituz. Ikastaro guztiak hiru egunekoak izango dira, eta egunero 6 ordukoak izango dira. Halaber, 25 euro balioko du, 15 euro langabetuentzat, erretiratuentzat eta ikasleentzat, eta 10 euro Diru-sarreren Berme Errentaren jasotzaileentzat. Klaseak, taldeen arabera, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara izango dira astelehenetik ostiralera, eta goizeko 11:30etik 13:30era larunbatetan, San Frantziskoko udaltegian.

Ikastaroak

Txalo eta konpas ikastaroak irailaren 6an hasiko dira, hasierako mailakoak, eta irailaren 19an dagoeneko tarteko ezagutzak dituztenei zuzendutakoak. Txalo eta konpas tailer aurreratua irailaren 28, 29 eta 30ean izango da, eta Fran Nuñez artista beterano txalotuak emango du. Artista horrek eskainiko dituen saioen helburua, txaloek eta erritmoak orokorrean dantza flamenkoan dituzten bizipenak transmititzea da, dantza eszenan jartzen ari den bitartean zabaltzen diren baliabideak aztertuz.

Bi gitarra tailer programatu dira, hasierako mailakoa eta maila aurreratukoa, irailaren 7an, 8an eta 9an. Oraingo honetan, prestatzaileak Enrique Borja ‘Vaca’ eta Salva del Real gitarra jole bikaina izango dira. Del Realek gitarra flamenkoaren alorrean, laguntzaile zein bakarlari gisa, dituen esperientzia eta ezagutza guztiak eskainiko ditu, zenbait ariketa teknikoren, erremateren eta falseteren bitartez. Salva Del Real eta bere Flamenco A-3 konpainia izango dira, hain zuzen ere, irailaren 9an “Una Ría con Duende” jaialdiko musika programazioa inauguratuko dutenak, Areatzako Aterpeetan eskainiko duten aire zabaleko emanaldiarekin.

Dantza flamenko tailerrei dagokienez, irailaren 11n hasiko da hasierakoa, Marta Pamparekin; 14an tartekoa, Soledad Ruzekin; eta 28an hasiko da dagoeneko dantza ezagutza aurreratuak dituen taldea, Soledad Cisneros bailaorearekin. Malagako artista bikainak, dantza flamenkoaren osagai aurreratuagoak irakatsiko ditu besoen, eskuen eta zapaten lanaren bitartez: teknika eta koreografia.

Beste urte batez, kante flamenko ikastaroa ere eskainiko da irailaren 21ean, 22an eta 23an, Ezequiel Benítez irakaslearekin. Jerezeko kantaore adituak kante flamenkoaren hurbilketa eta azterketa eskainiko ditu, funtsezko baliabideak eta teknikak ezagutzeko eta, aldi berean, gitarra laguntzailearekin ezartzen den lotura aztertzeko.

Ikastaro guztiek 15 plaza dituzte, dantza tailerren kasuan izan ezik, horietan plaza kopurua 10era mugatu baita, dantza flamenkoan aritzeko leku gehiago izateko eta kalitate handiagoa eskaini ahal izateko. Aurre-inskripzioek plaza kopurua gainditzen badute, zozketa egingo da ostiralean, abuztuaren 21ean, eta lehentasuna izango dute Ibaiondoko barrutian eta Bilbon erroldatuta daudenek, gainerako udalerrietakoen aurrean.

Egitaraua

Dantza I (hasiera): Marta Pampa

Irailak 11, 12 eta 13: 19:00 - 21:00

 

Dantza II (tartekoa): Soledad Ruz

Irailak 14 eta 15: 19:00 - 21:00.

Irailak 16: 11:30 - 13:30.

 

Dantza III (aurreratua): Sandra Cisneros

Irailak 28 eta 29: 19:00 - 21:00

Irailak 30: 11:30 - 13:30

 

Txaloak-konpasa I (hasiera): Ander Sánchez

Irailak 6, 7 eta 8: 19:00 - 21:00

 

Txaloak-konpasa II (tartekoa): Darío Gil

Irailak 19, 20 eta 21: 19:00 - 21:00.

 

Txaloak-konpasa III (aurreratua): Fran Núñez

Irailak 28 eta 29: 19:00 - 21:00.

Irailak 30: 11:30 - 13:30.

 

Gitarra I (hasiera): Enrique Vaca

Irailak 7 eta 8: 19:00 - 21:00

Irailak 9: 11:30 - 13:30

 

Gitarra II (aurreratua): Salva del Real

Irailak 7 eta 8: 19:00 - 21:00

Irailak 9: 11:30 - 13:30

 

Kante tailerra: Ezequiel Benítez

Irailak 21 eta 22: 19:00 - 21:00

Irailak 23: 11:30 - 13:30