Emakundek, Emakumearen Euskal Erakundeak, publizitatearen eta komunikazioaren jardunbide sexistak antzeman eta salatzeko Aholku Batzordearen bitartez Begira mugikorretarako aplikazioa sortu du. 2.0 Android eta 2.0 IOS sistemetarako erabilgarri dago, eta edozeinek erabil dezake publizitatearen eta komunikazioaren eremuetan erabilera sexistak antzeman, identifikatu eta kexak aurkezteko. Begira app-a doakoa da.
Aplikazio berriaren bitartez, iragarkia edo berria deskriba daiteke, kexa azaldu, irudi bat erantsi eta kexa bidali. Ondoren, jasotako kexak dagozkien organo eta erakundeetara bideratzen dira, publizitate eta komunikazio dekalogoetan oinarritutako gomendioak emateko eta kexekin bat egiten duten prestakuntza- eta sentsibilizazio-saioak planteatzeko.
Prestakuntza eta sentsibilizazioa
Begira-k helburu du prestakuntza eta aholkularitza ematea eta sentsibilizatzea eta ikertzea da. Halaber, herritarrek publizitatearen eta komunikazioaren eremuetan antzeman dituzten eduki eta mezu sexisten inguruko kexak jasotzeko eta tramitatzeko bidea ere izan nahi du.
Emakundek ezagutzera emandako datuen arabera, iaz jasotako kexa gehienak honako gaiei buruzkoak izan ziren: estereotipo eta rolen indartzea, gaztetasunarekin, argaltasunarekin eta gorputzaren perfekzioarekin zerikusia duen edertasun eredu bakarra aurkeztea. Komunikazioaren arloan, horrez gain, kexak emakumeen kontrako indarkeriaren tratamendu informatiboari buruzkoak izan dira.