Adinekoei arreta-zerbitzuak emateko 5 enpresa-proiektu sustatuko ditu Udalak SSI kooperatibarekin lankidetzan

uriola.eus 2017ko uzt. 20a, 10:49

Proiektuak Bilbao Ideien Gunea ekintzailetasuna sustatzeko ekimenean aurkeztutako 11 proiektuen artean hautatu dira. SSIk aholkularitza pertsonalizatua eskainiko du enpresa berriak sortzeko BIGko teknikariekin elkarlanean.

Bilboko Udalak, Bilbao Ekintzaren bitartez, eta Servicios Sociales Integrados (SSI) kooperatibak sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, adinekoei arreta-zerbitzua eskaintzeko bost enpresa-proiektu berrik izango dute sortzeko eta kudeatzeko laguntza-programa bat. 

Ekimen ekintzaileak hautatzeko BIG Bilbao, Bilbao Ideien Gunea, espazioan aurkeztutako hamaika proiektu erabili dira. Udal-espazio berriak pertsona ekintzaileei zuzendutako baliabideak eta ekintzak biltzen ditu. Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak eta Servicios Sociales Integrados (SSI) kooperatibako kudeatzaile den Karmele Acedok lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute.

Aditzera emn dutenez, biztanleria zahartzearekin batera, ekintzailetzarako eta enplegurako aukera garrantzitsuak sortzen dira eremu soziosanitarioan eta adinekoei premia zehatzetarako arreta eskaintzearen eremuan. 

Hautatutako bost ekimenen arduradunek aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute irailaren 30era arte mentoring izeneko teknika ospetsuaren bitartez, non ibilbide aintzatetsia duten profesionalek erronka berri bat hasi berri duten pertsonei aholkularitza eskaintzen dieten. Proiektuan parte hartuko duten mentoreek eskarmentu handia dute zahartzearen sektorean, eta ekintzaileei negozio-ideiak abian jartzeko prozesuan lagunduko diete. Mentoringarekin batera, ekimen bakoitzak bere negozio-plana egingo du BIG Bilbaoko teknikarien laguntzarekin.

Hirugarren adinekoengan espezializatutako fisioterapia, jarduera berritzaileak eta eraikinetan zein bide publikoan mugikortasun irtenbideak dituzten egoitzak eta gehiago izango dira aukeratutako proiektuen jarduerak.

Bizkaiko biztanleen %22k 65 urte baino gehiago ditu

Bizkaian 65 urtetik gorako 250.000 pertsona inguru daude, hau da, biztanleen % 22, Eustaten datuen arabera. Premietarako egokitutako zerbitzuak eta irtenbideak behar dituen biztanleen segmentu bat da.