Karrikan plataformak kaleko arte eszenikoen euskal ekoizpena sustatzeko bigarren laguntza deialdia deitu du

uriola.eus 2017ko uzt. 20a, 11:48

Plataforma Bilboko, Gasteizko, Iruñeko, Zarautzeko eta Hendaiako udalek eta Lapurdiko Errobiko Mankomunitateak eta Nafarroako Quiero Teatro antzerki sustatzaileak bultzatzen dute. 2018an, sustatzaileen jaialdietan parte hartuko duten proiektu bi aukeratuko dira.

Bilboko, Gasteizko, Iruñeko, Zarautzeko eta Hendaiako Udalek, Errobiko Mankomunitateak eta Nafarroako Quiero Teatro antzerki sustatzaileak osatzen duten Karrikan plataformak kaleko arte eszenikoen sorkuntza lanak bultzatzeko eta laguntzeko bigarren deialdia zabaldu dute. Bi proiektu aukeratuko dituzte eta, laguntza ekonomikoa eta teknikoa jasotzeaz gain, 2018an sustatzaileen jaialdi handietan programatuko dira. Aipatutako bazkide horiez gain, Zarauzko, Arrigorriagako eta Iurretako udalak laguntzaile gisa sartu dira.

Karrikan plataformaren helburua, sorkuntzari laguntzea eta Euskadin kaleko arteetan gero eta indar gehiago hartzen ari diren artisten ezagutza bultzatzea da, zazpi lurraldeetako edozeinetan instalatuta dauden. Profesional izanik edo profesional izateko bidean egonik espazio publikoan jarduten duten taldeen, artisten edo konpainien jatorrizko sorkuntza lanak bultzatzen dituzte. Hori dela eta, balio berezia emango zaio kaleko ikuskizunari. Horrela, zuzeneko ikuskizuna lantzen duten diziplina guztiak onartuko dira: antzerkia, dantza, zirkua, diziplina anitzeko ikuskizunak, etab. Hala ere, lehentasuna izango dute testurik ez duten edo euskarazko testua duten proiektuek eta formatu txiki edo ertainekoek.

Karrikaneko kideek konpromisoa hartzen dute aukeratutako proiektua modu orokorrean bultzatzeko, hau da, laguntza ekonomikoa emanez, sorkuntzarako egoitzak eskainiz, arte, teknika eta administrazio laguntza emanez. Sustatzaileek euren hirietan antolatzen duten kaleko arte jaialdi bakoitzean gutxienez proiektuaren emanaldi bat programatuko dute. Bilboko Kalealdiaz gain, gainerako jaialdiak hauek dira: KaldeArte, Iruñeko Harresietako Jaialdia, Hendaiako Mai du théatre, Libourneko Fest’Arts eta Abian! Errobiko mankomunitatean.

Proiektuak 29.400 euroko diru-laguntza du, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Eurolurraldearen laguntza deialdiaren barruan. Proposamen eszenikoak aurkezteko epea irailaren 3ra arte egongo da zabalik.

Informazio guztia www.karrikan.eu webgunean dago eskuragarri.