Gainera, Unai Rementeriaren jarreraren atzean "zinismoa" eta "zurikeria" dagoela nabarmendu dute. "Pertsona honek soldatak igotzeko garaia heldu dela esan du, eta gainera, Bizkaia toki ona dela zahartzeko. Aldi berean, gure zerbitzuaren arduradun nagusia izanik, gure lan-baldintza prekarioak eta zerbitzu publiko txarra ontzat hartzen ditu".
"Bere eskumeneko zerbitzu honetako gatazkan esku hartu beharrean, eta konponbide bila ibili beharrean, egin dituen ahalegin guztiak greba indargabetzeko, eta gatazka ezkutatzeko izan dira (gutxieneko zerbitzuak ugaltzea eskatu du, enpresei ordaintzen jarraitu du luzaroan...); baina ez du inoiz kontuan hartu sektorearen egoera larria, gure lan-baldintza prekarioak, eta horren ondorioz erabiltzaileei ematen diegun zerbitzuaren kalitate eskasa".
Jarrera hori, Bizkaiko Erresidentzietako langileek aipatu dutenez, sektoreko patronal guztietara zabaltzen da. Gutxieneko zerbitzuez baliatzen ari gatazka "konpontzeko", grebaren oinarrizko eskubidea urratuz; hala ebatzi dute ere epaileek, Caser Egoitzaren kasuan, esaterako.
ELAk adierazi duenez, langile hauek argi utzi nahi izan dute euren aldarrikapenak zilegi izateaz gain, posible ere badirela. Sindikatuak berretsi du haien eskakizunak "bidezkoak" direla, eta gainera "bideragarriak". Bilboko Miravilla Egoitzan sinatutako hitzarmena horren adibide dela gehitu du. "Hitzarmen horren bidez frogatu da gatazka amaitzea eta sektorea duintzea borondate kontua direla. Hala ere, ez patronalek, ez Bizkaiko Foru Aldundiak, ez dute borondate hori agertzen, haien gogoko ereduaren arabera axola gutxikoak dira gizarte-zerbitzuen iraupena eta beraien kalitatea. Haiek apustu egiten dute zerbitzu publikoak pribatizatzearen alde, bakan batzuen negozioaren alde, beti ere gure lan-baldintzen kontura, eta arretaren kalitatearen kontura; eta hori lortzeko, beharrezkoa da botere publikoak eta patronalak elkar adituz aritzea”.