BAD jaialdiak Vera Mantero eta Malika DJardi artisten lanak jasoko ditu hurrengo edizioan

uriola.eus 2017ko uzt. 21a, 12:39

Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak hurrengo ediziorako iragarri ditu La Fundicion aretoan nagusitu diren euskal artisten azken lanak. Festibala urriaren 20tik 29ra izango da, eta Ana Capilla koreografoaren irudi bat aukeratu du kartelerako.

Bilboko Udalak urriaren 20tik 29ra hiriko sei agertokitan antolatzen duen Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak eskainiko ditu garrantzia hartzen ari diren bertako panoramako artisten estreinaldiak, BilbaoEszenako arte egoitzetako baten irabazlea den Nerea Martinezena eta nazioartean izen eta ospe handia duten zenbait konpainiaren azkenengo lanak eta Vera Manterorena edo Malika Djardirena, adibidez.

La FuNdicIOn aretoan ikusi ahal izango diren ikuskizunek eszena garaikideko artista eta konpainia garrantzitsuenetakoak bilduko dituzte. Horrela, programazioari hasiera emateko, urriaren 20an, La Buena Compañiak, plazera eta kontra-plazera lantzen dituen A placer lana eszenaratuko du. Plazera, gogobetetzea eragiten duen motor gisa, eta kontra-plazera erresistentzia eta mendekotasunen sortzaile gisa.

Hurrengo egunean Nuria Perezen txanda izango da. Nerea Martinezekin batera, bertako ukitua emango diote jaialdiari. Biak ere, dantza garaikide berrian gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari diren artistak dira. Nerea Martinez Biraka lana ari da garatzen une honetan, BilbaoEszenaren arte egoitzari esker. Horrela, ikuskizuna urriaren 26an estreinatu ahal izango du BADen. Biraka, bere prestakuntzan izan dituen bi dantza tekniken arteko ikerketa lana da, euskal dantzak eta dantza garaikidea. Dantzaria, txalaparta joko duten bi musikarirekin arituko da agertokian.

Edizio honetako programazioak ere nazioartean ospe handia duten zenbait artista eta konpainia jasoko ditu, Estatuan Los Serrenos del Caldeiräo, ejercicios en antropologia ficcional dantza-antzerki pieza estreinatuko duen Vera Mantero koreografo portugaldarra, besteak beste. Estreinaldiak izango dira, baita ere, Poliana Limaren Hueco –Circula Saria– eta Malika Djardiren Sa prière. La FuNdicIOn aretorako egitaraua beste bi ikuskizunekin osatuko da, Cally Spoonerren eta Vicente Arlandisen eskutik. Azken horrek Sumario 3/94 lana estreinatuko du Euskadin, BADek eta Terrassako TNT jaialdiak ekoiztutako ikuskizuna.

La FuNdicIOn aretoko agertokiaz gain, BADek, Pabellón 6ra, BilbaoArtera, Bilborockera, Campos Antzokiko Kupula Aretora, Sareanera, Bulegora eta Berreginen Museora ere eramango du bere programazioa.

2017ko kartela

BAD jaialdiaren hurrengo edizioaren kartelak David Hornback argazkilariaren Ana Capilla koreografoaren sorkuntza une bat jasotzen du.

David Hornbackek (Los Angeles, 1962) Pulitzer Saria irabazi zuen 1990ean, San Jose Mercury News egunkariko erredakzioko kideekin batera, San Franciscoko (EEBB) Loma Prietako lurrikarari buruz egin zuten erreportajeari esker. Erreportari grafiko gisa National Geographic, GEO, Time, New York Times eta Stern medioetarako egin du lan, besteak beste.