Gure Esku Dagok elkartasuna adieraziko dio Kataluniari bere "abagune" historikoan

uriola.eus 2017ko uzt. 26a, 12:06

Demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan irailaren 16an herri dinamikak manifestazioa egingo du Kataluniako herritarren gehiengoaren borondatea den erreferendumari babesa adierazteko.

Gure Esku Dago herri dinamikak manifestaziora deitu du irailaren 16an herri katalanaren erabakitze-eskubidea aldarrikatzeko eta Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari babesa emateko. Kataluniak urriaren 1ean erreferenduma egingo du bere etorkizuna erabakitzeko. 

Gure Esku Dagok prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, "Kataluniak abagune historikoa bizi duelako" demokrazian eta erabakitzeko eskubidearen defentsan oinarritzen den ekimen bat abiatuko du, "biak babesteko unea baita". "Uste dugu katalanen ahaleginak merezi duela une honetan euskal herritarron babesa, bultzada eta beroa; orain, inoiz baino gehiago. Erreferendumak posible izan behar du. Gure babesak balio behar du zigor bidea eta neurri errepresiboak alde batera geldi daitezen."

Manifestazioa

Irailaren 16an Bilbon begirunea eta errespetua adieraziko dute Kataluniako herritarren gehiengoaren borondateari: herritarrek etorkizuna erreferendum baten bidez erabakitzeari. Mobilizazioa "herritarra, anitza eta bateratzailea" izango dela iragarri du herri dinamikak, eta erabakitzeko eskubidearen alde dauden sektore guztiak barnebiltzeko borondatea du.