Bizkaia sakon ezagutzeko esperientziaz ahalik eta gehien "gozatzea" da Drive & Enjoy turismo-gidaren xedea, eta bertan hiriburutik irtenda autoz egiteko hamar ibilbide proposatu dira. Kostaldea, natura-espazioak, herriak, monumentuak, gastronomia, enoturismoa, familia-planak eta beste erakargarritasun asko bildu dira argitalpenean. Guztira, 23.000 ale merkaturatu dira, eta doan banatuko dira Bilbao-Bizkaiaren bi turismo-bulegoetan, bai eta lurraldeko udalerrietako eta mugakide diren autonomia erkidegoetako turismo-informaziorako puntuetan ere.
Drive & Enjoy Bilboko Udalak egiten duen lehenengo touring gida da. Bizkaiako Foru Aldundiarekin lankidetzan egin du, eta lurraldeko herritarren artean txangozaletasuna sustatu nahi du gure ingurutik irteteko hain aproposa den garai honetan. Gainera, turismo-fluxuak lurralde osotik banatu nahi ditu, Turismo Estrategia 2020 delakoan jaso den bezala.
Hamar ibilbide
Egun bakarrean egiteko ibilbideak diseinatu dira herritar gehienak Bilbo Handian bilduta daudela aintzat hartuta, bai eta turismoa heltzeko ate nagusia dela, ibilbide guztiak Bizkaiko hiriburutik abiatuko dira, eta errepideei buruzko informazio praktikoa dute, aipatutako lekuetara erraz iritsi ahal izateko:
1. ibilbidea. Mendebaldeko kostaldea. Memoria sutsu eta gaziak.
2. ibilbidea. Erdiguneko kostaldea. Olatuak, herensugeak eta txakolina.
3. ibilbidea. Ekialdeko kostaldea. Dunak, nortasuna eta baso margotuak.
4. ibilbidea. Kadaguako ibilbidea. Erdi Aroko oihartzunak.
5. ibilbidea. Bailara ezkutuen ibilbidea. Natura eta luxua.
6. ibilbidea. Nerbioiko ibilbidea. Urak hegan egiten ikasten duen tokia.
7. ibilbidea. Arratia bailara. Landa-xarma mendi eta larrea artean.
8. ibilbidea. Durangaldea. Omenaldia harriari eta magiari.
9. ibilbidea. Bilboren inguruan. Hiria goitik begiratuta.
10. ibilbidea. Bizkaiko txakolina. Oso gurea den ardoa.
Ibilbideak itsasbazterra "miresteko" pentsatu dira, eta kostaldeko herrietatik igaroko gara. Hondartzak eta labarrak bisitatzeko aukera emango digute, eta arrantzaleen betiko herrien xarmaz gozatzeko aukera ere bai. Bizkaiko barnealdeko bidaien bitartez, Erdi Aroko udalerri erakargarriak deskubrituko ditugu, bai eta edertasun liluragarriko paraje naturalak eta euskal mitologiaren sekretuak ere. Gida osatzeko Bilbo Handia ikuspegi pribiligiatuetatik ikusteko ibilbide bat jaso da eta enoturismoan oinarritutako proposamen bat, non lurralde osotik bisitatu ahal diren 3 txakolin upategi bildu diren.
Autokarabanan
Drive & Enjoy lanean atal bat eskaini zaio autokarabanan egiteko turismoari: Kobetamendiko aparkalekuari, Sopela, Lanestosa, Elorrio, Bermeo eta Lekeitioko autokarabanen eremuei eta mota horretako ibilgailuentzako tokiak dituzten kanpinei buruzko informazio praktikoa eskaintzen du.