Aste Nagusia 2017

Bertsotan, alkoholaren kontsumoaren eraginak murrizteko kanpaina aurkeztu dute

uriola.eus 2017ko abu. 16a, 13:15

Argazkia: Bilboko Konpartsak

Urtero bezala Bilboko Konpartsak eta Etorkintza Elkargoak alkoholaren kontsumoaren arriskuak murrizteko kanpaina abiatzen dute elkarrekin. Euren helburu nagusia Aste Nagusian alkoholaren kontsumoari buruzko egiazko informazioa, objetiboa eta ez moralizatzailea zabaltzea da.

Bertsotan aurkeztu dute gaur Bilboko Konpartsek eta Etorkintza Elkargoak alkoholaren kontsumoak dakartzan arriskuak murrizteko kanpaina. Algortako bertsolari eskolako Kerman Diaz Francok, Paule Loizaga Legarrak eta Unai Mendiburu Valorrek kantuan azaldu dute juergan alkohola kontsumituko badugu kontuan izateko zenbait aholku: arduratsua izan, askorik ez edan denbora gutxian, ura tartekatu eta, nola ez, bokata bat hartu Txosnetan. Kanpainaren asmoa argia da: informatu epaitu barik; mezua, argiagoa: ondo pasa, pasa barik.

Eta horixe da, Bilboko Konpartsak eta Etorkintzak azaldu digutenez, euren helburu nagusiena, jendeak egiazko informazioa jaso dezan eta, ondorioz, bere erabaki propioak har ditzan. “Ez dugu inor epaitu nahi. Informatu eta aholkuak eman, besterik ez”.

Etorkintzako Santi Martinez Ortiz eta Eider Hormaetxea Llanoen esanetan, alkohol gehiegi edo bestelako substantziak hartzearen eragin kaltegarriak murrizteko zenbait arau erraz jarraitzean dago gakoa . “Edatekotan, ondo pasatzeko edaten dugu. Horretarako munduko eszenatokirik onena da Aste Nagusia. Inork ez du txarto pasatu nahi; beraz, gogoratu beti zerbait jateaz, edan ura tartean deshidratazioa ekiditeko eta saiatu edari ezberdinak ez nahasten”.

Horrez gain, sentsibilizazio kanpaina honen barruan, aurreko urteetan bezala, alkohola hartzearen faseak azaltzen dituen gida txiki bat eskainiko dute. Gida hau publiko artean banatuko da eta txosnetan izango da eskuragai, kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko asmoz.

Konpartsek, bestalde, lehen sorospenei buruzko liburuxka handiago bat izango dute, larrialdi momentuetan erabiltzeko diseinatu dena eta intoxikazio larrien kasuan hartu beharreko neurriak jasotzen dituena.

Azkenik, hurrengoa gogorarazi nahi izan du Bilboko Konpartsetako Oihana Pascual Manchadok: “plazer eta arriskuak ezagutzean eta baloratzean oinarritutako erabaki pertsonala da kontsumoa. Garrantzitsuena norberarekiko eta besteekiko jarrera arduratsua izatea da”.