Artxandako Funikularrak ordutegi zabalagoa izango du Aste nagusian

uriola.eus 2017ko abu. 17a, 10:09

Abuztuaren 19tik 26ra bitartean (egun bi horiek barne), Artxandako Funikularrak ohikoa baino ordutegi zabalagoa izango du, 24:00etara arte, hain zuzen ere.

Udalak jakitera eman duenez, abuztuaren 19tik 26ra bitartean (egun bi horiek barne) Artxandako Funikularrak 24:00etara arte luzatuko duela ordutegia, nahi duten guztiek Artxandatik ikus ditzaten su artifizialak.

Azken 10 urteotan funikularraren erabiltzaileen kopuruak gorantz egiteko joera izan du eta 2017ko aurreikuspenak ere ildo beretik doaz. Azken datuen arabera, uztailera artea, bidaiarien kopuruak ehuneko 9,26ko gorakada izan du, 2016ko datuekin alderatuta, 470.539 erabiltzailera iritsita. 2016an, guztira 773.487 pertsonak erabili zuten garraiobide hau.

2017an, funikularrak jarraiko bigarren urtez lortu du TripAdvisor bikaintasun-agiria, sari hauen zazpigarren edizioan. TripadVisor web orriaren erabiltzaileen aldeko iritzien arabera eman ohi da sari hau.

Funikularreko bidaiak 15 minuturik behin egiten dira; jende asko biltzen denean, berriz, sarriago egiten dira, geltokietako jende-pilaketak murriztu arte.

Ekainaren 2tik irailaren 30era bitartean Artxandako Funikularrak udako ordutegia du: astelehenetik eguenera 07:15etik 22:00etara; barikuetan, zapatuetan eta jai-bezperetan 07:15etik 23:00etara, eta domeketan eta jaiegunetan 08:15etik 22:00etara.

Gogoratu sei urtetik beherako umeak dohainik ibili daitezkeela Artxandako Funikularrean, baita itsuei lagun egiten doazenak edota gurpildun aulkietan dabiltzanei laguntzen dietenak ere.