Nati Ovelleiro, aurtengo pregoilaria, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea da, eta Ane Ortiz, txupinera, Askapeña konpartsa internazionalistako kidea. Biek sorpresa handiz hartu dute izendapena; Ovelleirok adierazi duenez, "ez nuke ezta pentsatuko bez". Era asanblearioan bera aukeratu zuten bederatzi eguneko jaietan pregoilari izateko, izan ere, plataforman "jubilatu eta jende nagusi asko dago". Berriak ere ezustean harrapatu zuen Ane, "kristoren sorpresa izan da".
Bai Natik eta baita Anek ere azpimarratu dute "oso garrantzitsua" izango dela militanteak diren plataformentzat haien izendapena, aldarrikapenak "ikustarazteko", hain justu. Aurten biek mezu berbera zabaltzea izango dute helburu: internazionalismoa sustatu.
"Bilbon inor ez dela ilegala zabaldu nahi dugu" adierazi du Ovelleirok. Ortizek "Europar Batasunaren politikak zalantzan jarri eta irauli" nahi dituztela gaineratu du, "gaur gertatzen ari diren egoerak sistema horrek sostengatzen baititu".
Jaiak hasteko oso gutxi geratzen dela badakite eta urduritasuna azaldu dute. Bizitzan behin baino gertatzen ez den gauza dela gaineratu du pregoilariak eta "aprobetxatu beharrekoa". "Hain nago urduri oraindik ezin dudala momentu hori imajinatu". Anek iazko txupinerarekin hitz egiteko aukera izan duela azaldu du, "oso maitatuak sentituko garela uste dut".
Etenik gabeko bederatzi egun direla presente dute biek, eta haien kideen eta jendearen berotasunak nekea "desagerraraztea" eragingo dutela uste dute. Natiren hitzetan, "plataforma osoaren laguntza izango dugu atzetik, eta subidoi horrek animatuko gaitu". Gainera, leku batetik bestera ibiltzea ere nekeari aurre egiteko tresna izango dutela gaineratu dute.
"Ahaztezina eta hunkigarria dela uste dut" aitortu du Anek, "Bilbok eta konpartsen jai eredu honek uzten duen irudia balkoitik ikustea betiko gogoratuko dugu".