Itziar Urtasun zinegotziaren iritziz, "Aste Nagusia dibertimendurako garaia da, kera bat gozatzeko, lagunekin eta familiekin egoteko, jendea ezagutzeko…gauez irteteko eta egunez…baina ezin dugu garrantzizkoa ahaztu, besteenganako errespetua. Izan ere, gaur aurkezten ari garen Aste Nagusiko eraso sexisten aurkako kanpaina errespetuan, askatasunean eta berdintasunean oinarritutakoa da".
Ildo honetan, Juan Mari Aburto alkateak gaineratu zuen, "erasoak zein imintziorik txikienak ere errespetua faltatzea da emakumeen askatasunari eta gizartearen erantzun kolektiboa behar dute erabateko arbuioa agertzeko. Argi utzi behar da norbaitek, gizonezkoak zein emakumezkoak 'Bai' esaten badu, onartutako harremana izan behar duela. Eta norbaitek 'Ez' esaten badu, ezetz esan duela eta kito".
Era berean, Juan Mari Aburtok bere mezua, lehenengo eta behin, emakume guztiengana bideratu zuen. "Errespetua, duintasuna, berdintasuna eta, norbaiti zerbait gertatuko balitzaio, elkartasuna eta hurbiltasuna" erakustea eskatu zien. Bigarren mezua, berriz, erasotzaileentzat izan zen: "Ez zaituztegu Bilbon nahi, ez beste inon. Sobran zaudete. Ez etorri gure urira eta, baten bat balego bertan, jakin zeuen bila joango garela”, adierazi du. Eta azkenik, bere hitzak herritarrentzat izan dira “edozein erasoren edo eraso-saiakeraren aurrean: salaketa, atxiloketa, gaitzespen soziala eta justizia, eror bekie legearen pisu osoa".
Alkateak, gainera, eskerrak eman nahi izan zizkien indarkeria matxistaren eta baliorik ezaren gaitz honi aurre egiten diharduten pertsona guztiei. Gehitu zuen ere, Aste Nagusia berdintasunean gozatzeko, beharrezkoa dela "dibertsitate afektibo-sexuala eta lesbianen, gayen, transexualen eta intersexualen eskubideak errespetatzea, adierazpen askatasuna eta segurtasuna izan dezaten jai hauetan".
#EZBETIDAEZ #NOESNO
Udalak berriro aukeratu du "Ez beti da Ez. No es no" leloa. Mezu sendo eta erraz honen bidez, Udalak herritarrak bultzatu nahi ditu errespetuan eta askatasunean oinarritutako eta eraso sexistarik gabeko jaien alde; eta bestelakoa adierazten duten jarrera guztiak erasotzat jotzeko. "Aurten beste goiburu bat bila genezakeen Aste nagusiko eraso sexisten prebentziorako. Baina gaur ere, mezu berbera hedatzera behartuta gaude. Ez beti da ez. Eta hala izango da harik eta Aste Nagusi bat amaitu arte emakumeen aurkako erasotik gabe, xumeenetatik larrienetara”, adierazi zuen Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak.
Aurreko urteetan bezala, Udalak hilaren 19an, larunbata, estrategia berezia jarriko du abian jaietarako zenbait ekintza eta baliabiderekin, erasoak gaitzesteko mezua areagotze aldera. Abuztuaren 1ean hasita, Aste Nagusiko eraso sexisten aurkako kanpaina berriaren irudia ari da zabaltzen sare sozialetan. Kartelaren elementu nagusia Marijaia da oraingoan ere. Bilboko jaietako ikonorik garrantzitsuenetakoa dena serio agertzen da eta eskua zabalik aurrerantz luzatuta, erasoekiko gaitzespena adierazteko. Aurreko urteotan bezala, mezu argi eta erabatekoa erabiliko da, hauxe: 'EZ beti da EZ', 'NO es NO'. Errespetua eskatzen da jai libre eta berdintasunezkoak izateko. Irudia duten 30.000 txapa, 15.000 txartel eta 500 kartel banatuko dira.
Udalakherritarrei dei egin die modu aktiboan parte hartzera eraso sexistak arbuiatzeko bideoen bidez. Horretarako, parte hartu nahi dutenek bideo laburra grabatu behar dute, gaitzespena erakutsiz 'EZ beti da EZ', 'NO es NO' esaldia edo antzeko mezua esanda eta erasoen aurkako imintzioa eginda, eskua zabalik eta aurrerantz luzatuta, Marijaiaren irudian bezala. Orain arte 100dik gora bideo jaso dira, besteak beste, Bilboko Alkatearena berarena, zinegotziena, Bizkaiko Ahaldun Nagusiarena eta Batzar Nagusietako buruarena. Era berean, kanpainan parte hartu dute Telebilbaoko Joseba Solozabal, Irene Diaz, Dani Montero eta Eduardo Velasco kazetariek, EITBko Joseina Etxebarria eta Oihan Vega aurkezleek; Jon Kortajarena modelo eta antzezleak; Athletic Club-eko neska-mutilek; Eneko Van Horenbeke eta Alex Txikon kirolariek, Bilbao Basketek eta Deustu Arraun Taldeko neskek, baita Luis Merlo eta Maribel Verdú antzezleek, Florido Pensil eta Cabaret Chihuahuako errepartoko kideek, Pabellón 6ko La Casa de Bernarda Alba obrako partaideek; Ainhoa Cantalapiedra kantariak eta 'Conoce Bilbao con Esme' blogeko Esme blogariak, beste hainbat pertsona ezagun eta ezezagunen artean.
Bideoak prensa@bilbao.eus helbide elektronikora bidali daitezke edota sare sozialetan argitarako #NoEsNo o #EzBetiDaEz hahstaga erabilita, jaietako #AsteNagusia2017 hashtag ofizialaz gain.
Bideo horietako batzuekin, Udala iragarki txikiak egiten ari da Udalaren sare sozialetan (Bilbao Berdintasuna – facebook eta twitter- eta Bilbao Udala –facebook, instagram eta twitter-) zabaltzeko Aste Nagusian.
Informazio puntua Areatzan
2016an bezala, Areatzan (Arriaga Antzokiaren aurrean eta txurro-dendatik hurbil) informazio-puntu bat egongo da, herritarrek kanpainaren eta ekintzen berri izan dezaten eta, eraso sexista bat gertatuz gero, dauden baliabideak zeintzuk diren jakin dezaten. Informazio-puntua abuztuaren 20tik, igandea 26ra, larunbata, 18:00etatik 20:30era, egongo da zabalik.
Nobedade moduan, egun horietan, 18:30etik 21:00etara bitartean, Bilboko Udalak informazio-estandeko taldeko profesional bi jarriko ditu jaiguneko zenbait lekutan ibiliko direnak erasorik gabeko jaien aldeko mezua zabaltzeko taldeei, gazteei, familiei etab. sentsibilizatzeko eta informazioa emateko telefono eta gomendio interesgarriei buruz.
Informazio-puntuan kanpainaren irudia daramaten txapak eta kartelak eskatu ahal izango dira eta 5.000 gida banatuko dira euskaraz eta gaztelaniaz, eraso sexistak identifikatzeko edukiekin. Gida horretan daude bilduta eraso sexistei aurre hartzeko eta jarduteko baliabideak, neskei zein mutilei zuzenduak. Gida hauek bertsio digitaleak eta gailu mugikorretara jaisteko moduan egongo dira eta, lehenengo aldiz, frantsesez eta ingelesez ere bai web bertsioan.
Ekimen honekin, Bilboko Udalak bat egin du Emakundeko bultzatutako eta aisialdiko eta jaietako gazteen arteko indarkeria sexistaren prebentziorako pentsatua dagoen Beldur Barik Gunea 2017 programarekin.
Jarduteko protokoloa eraso bat gertatuz gero
Ekimen berriak aurreko edizioetan lortutako beste akordio batzuei gaineratzen zaizkie. Horrela bada, Aste Nagusian eraso sexistarik egonez gero, aholkuak emateko eta jarduteko protokoloa abian jarri zen aurreko edizioetan eta hori parte hartzen duten gizarte-eragile guztien artean banatuko da. Jaigune barruko, baita Txurdinagako eta Otxarkoagako 900 bat dendak eta ostalaritza-lokalek bat egingo dute kanpainarekin eta emakumeen aurkako indarkeriaren protokoloarekin.
Horretarako, Bilboko Udalak, Bilboko Konpartsek eta Zazpi Kaleetako, San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko, Zabalako, Santutxuko, Txurdinagako, Otxarkoagako eta Bilbo erdiko dendariek eta ostalariek eta uriko beste erakunde batzuek 400.000 ezpain-zapi banatuko dituzte. Horietan kanpainaren leloa agertuko da: “EZ beti da EZ. NO es NO”.
Gainera, 6.000 txartel banatuko dira dendetan eta ostalaritzako lokaletan. Horietan kanpainaren irudi berria ez ezik, Udaltzaingoaren (092 edo 112) eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren (94 470 14 60) eta Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailaren (94 420 48 38) telefono-zenbakiak agertuko dira, erasoren bat salatu gura duten pertsonek egin ahal izateko.
Poliziaren dispisitiboa
Aste Nagusirako Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak beterako segurtasun-operatibo berezi koordinatua prestatu dute uri osora hedatzeko, batez ere jenderik gehien pilatzen den lekuetara. Dispositiboaren barruan arriskuak aztertzeko prozesuak, efektiboen koordinazioaren plangintza eta aginte, komunikazio, informazio eta beterako zaintza sistemak biltzen dira.
Dispositibo honek eragin berezia izango du eraso sexista eta sexualen aurkako prebentzioan eta jardunean. Ildo honetan, jende gehiago ibiliko dira kaleko jantzita eta berehala jarduteko agenteak ere bai jaiguneetan, bideozaintza eta erakundeen arteko protokolo guztiak areagotuta.
Operatibo honen helburu nagusia arreta pertsonala eta banakoa ematea eta babestea jaiguneetan bilduko diren pertsona guztiak, kontuan izanda uritik milioi eta erdi pertsona pasatuko direla etengabeko 9 jaiegunetan.
Hartara, Bilboko Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzarekin, areagotu egingo ditu ohiko patruilak Bilboko zenbait lekutan: Areatzan, Plaza Biribilean, Zazpi Kaleetan, Erkoreka plazan, Campo Volantin pasealekuan eta inguruetan, Etxebarria parkeko barraketan, Abandoibarrako eta Europa parkeko kontzertu-guneetan, zezen-plazan, Indautxun, Moyua plazan…
24 orduko lana urteko 365 egunetan
Alkateak prentsaurrekoan gogorarazi du emakumeen aurkako indarkeria urteko 365 egunetan salatu behar dela eta egun horietako bakoitzean herritarrek konpromiso aktiboari eutsi eta inplikatu egin behar dutela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko harremanen alde.
Bilboko Udalarentzat funtsezkoa da gizarte-eragile, erakunde eta komunikabide guztien inplikazioa, baita gizartearen erantzun kolektiboa, eraso sexistei aurre egiteko.
Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Jaietako Sailetik gogorarazi dutenez, urte guztian lan egiten dute edozein indarkeria matxista ekiditeko sentsibilizazioa eta prebentzioa lantzen, hainbat programa eta jarduketa garatuz. Adibidez, badira gazteentzat jarduketak, esate baterako, ikastetxeetan eskaintzen diren tailerrak eta Andre Ta Jabe programaz uriko gizarte-eragileekin sarean egiten den lana.
Gainera, eraso bat gertatuz gero, badago arreta emateko zerbitzua urteko 365 egunetako 24 orduetan. Zerbitzu hori ematen dute Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuak eta Bilboko Udaltzaingoak. Berdintasun Saileko zerbitzuak arreta psikologikoa eta juridikoa ematen die erasoa jaso duen pertsonari eta haren etxekoei.