Aste Nagusia 2017

Segurtasun dispositibo batek segurtasuna bermatuko du itsasadarrean su artifizialetan

uriola.eus 2017ko abu. 18a, 11:54

Su artifizialetan Itsasadarrean gero eta ontzi gehiago pilatzen direla ikusirik, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak eta Bilboko Udalak gainbegiratze-neurriak hobetzea adostu dute ontzien joan-etorriak eta tripulatzaileen segurtasuna bermatzeko.

Aste Nagusia hastear dela Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak, Bilboko Udalak, Itsas Kapitaintzak, Bilboko Itsas Salbamenduak eta Guardia Zibilak itsasadarrean su artifizialak direnean segurtasun-dispositibo bat jartzea erabaki dute.

Su artifizialak direla medio, azken urteotan itsasadarrera ontzi gehiago etortzen dira, eta horrek nabigatzeko eta pertsonei begira marko segurua bermatzea ahalbide dezaten neurriak hobetu beharra ekarri du. 2016an 300 ontzi bildu ziren eta ez zen garrantzizko gorabeherarik gertatu.

Bilboko Su Artifizialen Lehiaketaren XXVII. edizioko Autobabes, Segurtasun eta Larrialdietarako Planean, Bilboko Udalak jarduteko neurriak ezarri ditu ontzien pilaketa dela-eta itsasadarrean arazorik sortuko balitz.

Bilboko Itsas Kapitaintzak antolatutako segurtasun-dispositiboan honako hauek izango dira parte hartuko dutenak: Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzua, Itsasoko Salbamendua, Bilboko Udaleko Suhiltzaileak, eta Bizkaiko Gurutze Gorria. Bizkaiko Itsasertz-Mugartearen eta Bilboko Portuaren laguntza ere izango da.

Zehatzago esanda, bost jarduketa hauek onartu dira:

  1. Nabigazioa murriztea Udaletxeko zubitik ibaian gora eta segurtasun gunean/kanalean.
  2. 10 metroko kanala ezartzea eta balizatzea, segurtasun-dispositiboko ontzientzat.
  3. Guardia Zibilak ontziak gainbegiratzeko ardura nagusia izango du, eta beharrezkoa balitz, ontzi kopurua muga lezake Zubi Zuritik Udaletxeko zubiraino.
  4. Bilboko Udalak Gurutze Gorriko ontziak kontratatuko ditu segurtasun-kanala eta suak ikusteko esparrua kudeatzeko, Bilboko Suhiltzaileekin eta Guardia Zibilarekin koordinatuta.
  5. Itsas Museoko pantalan bat erreserbatuta edukitzea (modu alternatiboan, Deustuibarran dagoen Suhiltzaileen pantalana), larrialdietan edo ebakuazioak egin behar izanez gero, erabili ahal izateko.