Aste Nagusia 2017

Festak eztanda egin du Bilbon

uriola.eus 2017ko abu. 19a, 22:05

Abiatu da Aste Nagusia Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kide den Nati Ovelleirok pregoia irakurri ondoren. Argi utzi du "Bilbon inor ez dela ilegala eta denontzat lekua" dagoela. Jarraian, Askapeñako Ane Ortizek suziria piztu du eta Arriagako plazan bildutako lagunek festari hasiera eman diote Marijaiarekin batera dantza eginez.

Bederatzi egunez Bilbo jai giroan murgilduta egongo da. Gaur hasi da Aste Nagusia. 17:00etan, konpartsek Alde Zaharreko kaleak girotzeari ekin diote eta 19:00etan, Arriagako plaza, beste urte batez, jendez lepo egon da.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako Nati Ovelleirok irakurri du pregoia txalo artean. Mezu argia zabaldu du errefuxiatu eta etorkinei harrera eginez: "Berdin da jatorria eta azala, besoak zabalik Marijaia bezala". Bukatzeko, Arriagan bildutako lagunak kantuan jarri ditu: "Senegal, Siria, Ekuador/ Nigeria, El Salvador/ Bilbon denontzat dago tokia/ ez da ilegala inor!".

Ondoren, Askapeñako konpartsakide den Ane Ortizen piztu du zuzia eta bertaratutako bilbotar zein kanpotik etorritako lagunak Marijaiarekin batera dantzan eta kantuan hasi dira.