Aste Nagusia 2017

Ekintzaz jositako igande emankorra

uriola.eus 2017ko abu. 21a, 12:08

Lehenengo asteburua dagoeneko ospatu du Aste Nagusiak, eta ondo gainera. Igandean goitiberak, txistulariak, erraldoiak, txalaparta emanaldiak, kafe tertuliak, garagardo dastaketa, bertso saioak, Balearen desfilea eta Amaralen kontzertua izan ziren Bilbon.

Jaien hasiera eta hurrengo egunean uriko kaleek hainbat ekintza eta emanaldi hartu zituen atzo. Goizean goitiberak jaitsi ziren urtero bezala Atxuriko aldapetatik behera, ziztu bizian. Batzuek goitibera klasikoekin egin zuten, beste batzuek, aldiz, plataforma ibilkari eta motor itxurakoetan egin zuten behera. 

Txistulariek eta erraldoiek, buruhandiekin lagunduta, alde zaharreko kaleak alaitasunez eta giro onez apaindu zituzten, erritmo onean Unamuno plazan denak batera egin zuten dantza.

Areatzan, jaiaren bihotzean, ekimenak ugari izan ziren: umeentzako jolasak eta antzerkiak, txalaparta emanaldiak, orkestak, bokadillo txapelketa, dantzaldiak eta abar. 

Arratsaldean Abante konpartsak Kafe Tertulia saioa antolatu zuen, farra osteko siestari bizkarra emanez. Kultura izan zuten hizpide eta kafe usain goxoarekin lagunduta barra-barra ibili ziren solsasean.

Aixeberri konpartsak garagardo dastaketa egin zuen bere txosnan eta hainbat lagun talde bertaratu zen konpartsak atondutako terrazara zapore berrien bila. 

Ondoren, balearen desfilea protagonista izan zen. Kale Nagusitik barrena aurrera egin zuen, bere ibilbidean bertaratutakoak urarekin blaituz, itsasoko animalien puzgarri erraldoiez jositako ikuskizun emankorra eskaini zuen; olagarroak, txangurroak eta bisiguak izan ziren, besteak beste.  

Gauean su artifizialak eta Amaralen kontzertua nagusitu ziren Abandoibarran. Zaragozako talde ospetsuak  bere abesti klasikoak jo zituen.