Aste Nagusia 2017

Ertzaintzak 'Carnicerias vaticanas' hizkiak eta Jesusen irudia kendu ditu Hontzak konpartsaren txosnatik

uriola.eus 2017ko abu. 21a, 13:13

Argazkia: @hontzak

Bilboko Gotzaintzak “biraoa” zirela salatu eta gero kendu ditu Ertzaintzak gaur goizean konpartsa anarkistaren txosnako apaingarriak eta identifikatu ditu bertan zeuden konpartsakideak.

Gaur goizean, txosnaren irekiera baino lehen, Ertzaintza Hontzak konpartsa anarkistaren txosnan bertaratu da 'Carnicerias vaticanas' hizkiak eta Jesusen irudia kentzeko. Gotzaintzak 'biraotzat' jo ditu txosnaren apaingarriak. Horrekin batera, txosnan zeuden konpartsakideak identifikatu ditu.

Bilboko Gotzaintzak salaketa ipini zuen atzo epaitegian, eta epaileak irudiak kentzea eskatu dio Ertzaintzari. “Vatikanoko harategia” lanak Jesus gurutziltzatua irudikatzen du bere okela zatiak irudi batean sailkatuta dituela, eta “Har ezazue eta jan guziok honetatik, hau nire gorputza da eta” leloa erakusten du.

Gotzaintzaren iritziz, askatasun erlijiosoaren eta fede kristaua duten pertsonen errespetuaren aurkakoak dira irudi horiek.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak atzo esan zuen berari ez zaizkiola “batere gustatzen” txosnan ikusgai zeuden irudiak.

Aste Nagusiaren eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoa

Jai Batzorde mistoaren EH Bilduren ordezkari eta Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek “larritzat” jo du gaur goizean Ertzaintzak, agindu judizial bat baliatuta, Hontzak konpartsaren txosnaren dekorazioa kendu izana.

Halaber, zinegotziak azpimarratu du Europa osoan Charli Hebdo aldizkari satirikoak Mahomari buruzko txisteak adierazpen askatasuntzat jo izan diren bitartean, “hemen oraindik gelditzen dira epaile batzuk estatu konfesional batean bizi bagina bezala aritzen direnak”.