Bakailoa bizkaitar erara prestatzeari ekin diote gastronomikoan izena eman duten herritarrek lehen ordutik. 11:30etan urte guzti hauetan txupinera izandako emakumeek txupina jaurti dute eta haien egunari hasiera eman diote.
Goiz osoan zehar ekintzaz beterik egon da txosnagunea, umeentzako jolasak, bitsaren festa, beroari aurre egiteko piszinak, eta abar luze bat. Eguerdi aldera, konpartsak bazkari herrikoietan bilduta ikusi ahal izan ditugu. Euskararen eguna ospatu dute Euskalgunean eta URIOLAK Euskara Saria jaso du Hau Pittu Hau konpartsaren eskutik.
Arratsaldeari begira, Ikurrinari omenaldia eskaini diote konpartsek. Urtero legez, Arriagako plaza jendez bete da, eta Marijaiarekin batera Agurra dantzatu eta gero Ikurrina hagan ipini dute.