Antzerki komertziala

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2017ko abu. 27a, 17:51

Semana Grande deitzen zen garaietako egitarau edo kronika bat ematen duen arren, oraindik ere Bilboko Aste Nagusian presente dirauten ikuskizunen iruzkina egitea dut gogoko, batik bat, duen kolore, aniztasun eta kalitatearengatik.

Egiari zor, gutxi asko, 1978 urtearen aurretiko Bilboko jaiak ezagutu ditugunaren oroimenak horiek dira, Madrildik etorritako teatro esaten zioten, gerora teatro komertziala, berton egiten zenari "alternatibo" izena emateko. Asko aldatu da harrezkero zentzu guztietan, bai han eta hemengo ekoizpenetan, bai emankizunen anizkotasunaren orekan. Kalitate handiko lanak ditugu berton eta zinez krontrastatuak, handik eta hemendik ekarritakoen maila erakusten dutenak.

Egitaraua izan ez arren, aukeraren zerrenda egiteko asmo beteaz, Euskaldunako aretoan iaztik arrakasta betean dabilen Test lanaren aipamena, Merlo eta besterekin batera, Itziar Atienza, aktore euskalduna, fin demonio dabileko sona hori eskuratzen eguneroko saioetan. Lau protagonista, bi bikoteren giza-harremanen auzia umorez eta sakontasunez darabilen ikuskizuna. Euskalduna bereko areto nagusian, nazioartean oso ezaguna den Dirty Dancing musikal erakargarria, egunero jende andana mugitzen duena.

Cabaret Chiguaguak ere Deustuko Erriberako P6-tik jauzia egin du eta Euskaldunara igo da oraingoan (Deustuarrak Bilbora 'igo' egiten dute). Ia 200 emanaldi eman eta gero, publiko "handiaren" aurreko arrakastaren esperoan. Nik uste ziurtatua dutela.

Sorleku den Pabelloi 6-ak ere jadanik klasiko bihurtu den Federico Garcia Lorcaren La casa de Bernarda Albarekin beteko ditu BANa ez ezik abuztu honen azken egunak.

Campos aretoan ere bi lanekin dabiltza egunero. Batetik Espaniako telebistetako aktore ezagunak Bajo Terapia antzezten dute eta, bestetik, oso ezaguna den Goyo Jimenez komikalaria, Por Fin solo lanarekin, zalantza gabeko umorea lagun duela.

Arriaga Udal Aretoan, ordea, Priscila Reina del Desierto kalitateko musikal ezaguna ikus-entzuteko aukera ederra; kantari nahiz dantzari abilak eta betire umore edo aldarte puntua erabiliz.

Azkenik, Kale Nagusiko BBK aretoan Fernando Guillen Cuervoren zuzendaritzapean, David Monet-en Oleanna taularatzen dute egunero. Zinez, antzerki kalitateari omen egiten dion lana.

Txosna edo konpartsa mutila izakiz betire horien eta horien ekintzen inguruan aritu izan naiz ia beti. Atera naiz, behingoz, nahiz eta neronek ikuskizun horiek BAN pasatu eta gerorako utziko ditudan. Areatzako txosnagune eta ingurumarian aski "lan" ditut, goizeko 10:00etan txupina jaurtitzen dutenetik, hurrengo goizeko 10:00etan txupina jaurtitzen duten arte.  Ekin azken txanpari! Igande gauetik aurrera izango baitugu atsedenerako astia, beta eta aukera.