Biba BAN 2018!

Erabiltzailearen aurpegia Josu Torre Altonaga 2017ko abu. 28a, 12:22

Barre, algara edo negarra egitea nekoso egiten zait antzerkia egiteko orduan. Nekosoena esango nuke. Imintzio, jauzi edo soin ariketa, ahots modulatzea edo isilunea ongi samar eramaten dudan arren, negar edo barre egiterakoan…arazoa daukat.

Ez omen naiz ni, hori jazotzen zaion bakarra. Horixe arrazoia, edo aitzakia, Bilboko Aste Nagusiaren bigarren igande gauean negarrez dauden denak zinez, benetan, alafede, egiaz daudela, Marijaiaren agurra eta erre beharra negar eragiteraino sentitzen dutelako. Ez orain galdetu pozez edo penaz den. Pozez izan behar luke, penarik ez genuke behar bederatzi egunez gure gozamenerako erreferentzia izan dugulako eta suaren poderioz, espiritu bihurtu eta Marijaien, jaizaleen, bilbotar eta ingurutar petoen eta jaranazale guztien zerura doalako 356  egun barru, besoak gora eta zabalik,  Arriagako leihora azaltzeko beste Aste Nagusi bat abian jartzeko.

1978tik elkar ezagutzen garenez, jakina da gure panpin eder hori gorputz eta ariman  txertatua dudala, maitatzeko elkar bizitza egokienean - 9 egunez soilik urtean- eta berak ere eramango du nire usaina nonbait. Telebista saio batean galdetu zidaten ea zer aldatu den -nire ustez- BAN ia 40 urte hauetan eta URIOLA honetan bezperan erabilitako ideia jaurti nuen BAN “tradizio” izatera iritsi dela. Solaskide batek zehaztu zuen “marka” bilakatu dela esanez. Beste hainbeste esan daiteke Marijaiaz. Gure aztia, maga, sorgina, panpina, totema izateaz gain, tradizio eta marka bilakatu dela.

Urruneko data horren aipamena, azaleko aldaketa edo teknikaren abantaila batzuk ukaezinak direla onartu behar dudalako da. Ahaztu gabe dut oraindik, lehen edizioko jai aurreko ostiral bereko arratsean, Jai Batzordea bilduta zegoen tokira, Mari Puri Herreroren kide baten deia: "Negar baten dago Mari Puri" eta beronek :"No me sale la cara como yo quiero". Laster baieztatzeko deia egin zuen eta pixka bat lasaitu ere bai…denok. Anekdota izatetik askoz harago joan zitekeen istorioa.

Gogoan, gerora, urtean joan etorrian, behar zen edo nahi zuten bezala erretzea. Erdi erreta erori, errioan sartu orduko okertu eta beste hainbat akats edo narrio. Atzokoa ikusterakoan, ur beheran utzi beharrean arraularien indarrez eramana, eskuetatik kea dariola, argi, doinu eta kantuz inguratua, itsasadarreko bi aldeetako jente andana, guzti horien errespetu ez ezik miresmena…dena ere negar egiteko beste parafernalia. Eta, egin ere bai.

Agur 2017ko BAN, agur Marijaia 2017, zenbaki bat jartzearren. Marka edo tradizio bilakatu zaretenez gero, hilezkorra zarelako Marijaia, ahantzi ezina zarelako BAN. Eta gaur berton, 2017ko abuztuaren 28an hasten delako 2018ko Bilboko Aste Nagusia. Gero arte, Marijaia! Musu handi bat!